Berako Funvera lantegiko LAB sindikatuak jakinarazi duenez, «azken aldian gauza arraroak gertatzen ari dira lantegian, gauza arraroak edo guri behintzat kezka handia sortzen digutenak».
Duela urtebete baino gehiago kaleratzeen kontra egindako borrokaren azken egunak gogoratu ditu LABek: «kaleratzeen kontra ia bi hilabete borrokan egon eta gero, espedientea onartu arren borrokan segitu eta momentu jakin batean haustura izan zen ELA eta LABen artean». Enpresak lau errelebo kontratu egitea eta hurrengo lau urteetako kontratazioak kaleratutako langileen artean egitea proposatu zuen, «tartean mehatxuak eginez», dio LABek. Sindikatu honek ez zuen proposamena onartu eta ELAk bai. Bozketa egin ondotik, gehiengoak erabaki zuen borrokarekin bukatzea, «ahantzi gabe ELAko ordezkariek lanera bueltatzeko eskatu zietela langileei», LABen idatzian ageri denez.
Urtebetera, LABek kritikatu du lantegiak betoa jarri diela kaleratuak izan ziren sindikatu horretako langileei, eta «ELAko afiliatu edo jarraitzaileak ari da kontratatzen ia osotasunean. Enpresak errelebo kontratuak egin zituenean ELAko afiliatuak izan ziren lanera sartu zirenak. Dirudienez gure koherentzia ideologiko-sindikala ordaintzen ari gara», adierazi du LABek.
Lan hitzarmenaren negoziaketan, inolako bazterketarik egon ez zedin kontratazioak kaleratuen artean antzinatasunaren arabera egiteko apustua egin zuen, baina LABen erranetan «zoritxarrez ELArentzat ez zen hain garrantzitsua, puntu horren alde deus borrokatu gabe, eta noski hitzarmenean puntu hori agertu gabe hitzarmena sinatu baitzuen».
Sartu diren langileen kontra deus ez duela erran du LABek, «gehiago sartzen badira hobe guretzat, baina salatu nahi dugu zuzendaritzatik diskriminazio sindikal garbia ematen ari dela LABen aurka, eta egoera honen arduradunek izen abizenak dituzte». Gaineratu duenez, «13 kontratazioak egiteko ez dute sindikatu horretako inor deitu, eta erraten dutenean kriterio profesionala erabiltzen ari direla gezurretan ari dira!».
Egoera honi buelta ematea denen ardura dela uste du LABek.
ELA-ren erantzuna
ELAk erantzun egin die LABen adierazpenei, «larriak, faltsuak eta onartezinak» direla eta bi sindikatuen arteko «enfrentamendu artifiziala» bilatzen dutela leporatuz.
ELAk dioenez, Funveran kasik bi hilabetez greban egon ziren, erresoluzioaren aitzinetik eta ondotik, «neurri haundi batean ELAk duen gehiengoaren ondorioz». Krisia hasi zela bi urte baino gehiago bete direnean egoera dramatikoak izan direla onartu du ELAk, baina sindikatu honek gehiengoa duen lantegietan, «lanpostuak mantentzeko erantzun sindikala eredugarria izan da eta Nafarroako Gobernuak EREa onartu ondotik ere segitu da grebekin». Horregatik, ELAri «harrigarria» egin zaio LABek neurtzeko erabiltzen dituen bi neurri ezberdinak, «Funverak izan duen borroka eredugarria kritikatuz eta Marmoles Baztanen bezala LABek bakarka kudeatu dituen bertze batzuetan izandako bukaera eta despidoak, isilduz».
Funveraren kasuan, «LABeri ahaztu zaio kaleratutako 47 langileetatik 33 ELAko afiliatuak zirela», dio sindikatu honek eta hortaz, ez zaizkio onargarriak iruditu LABen hitzak. Kontratazioak antzinatasun irizpideak kontuan hartuz egin behar direla iritzio dio ELAk eta hortaz LABek kritika enpresari egin behar diolakoan dago.
DISKRIMINAZIOA
«Zuzendaritzatik diskriminazio sindikal garbia ematen ari da LABen aurka»
Funverako LAB
EREDUGARRIA
«ELAk gehiengoa duen lantegietan lanpostuak mantentzeko erantzun sindikala eredugarria izan da»
Funverako ELA