Droga kontsumoaren inguruan azken urteotan landu denarekin gogoeta eginen da apirilean Beran

Gurutze PIKABEA 2011ko mar. 15a, 15:32

Bera Herri Planaren harira, era guztietara landu da drogen gaia, baita umorearekin ere. Utzitako argazkiak

Apirilaren 2an eginen den ebaluazio jardunaldiaren barne, eztabaidak eta hitzaldiak izanen dira

Drogen Mendeko­ta­su­nei aurrea hartzeko Herri Plana onartu ze­netik, hezkuntzan, familian eta komunitatean osasunerako heziketa edo prebentzioa lantzen aritu dira Bera­ko Udala eta Askagintza erakundea, ikastaro, jardunaldi, hi­tzaldi, gidaliburu, informazio puntu eta kanpaina berezien bidez. Egin­dakoaren ebaluazioa egiteko ordua da orain.

 

LARRITASUN MAILA

%42,2rentzat alkohola edatea eta %44,2ren­tzat tabakoa erretzea nahiko larriak dira; droga ilegalak (speeda, anfetaminak, kokaina, LSD...) kon­tsumitzea hagitz la­rria da %43,4rentzat eta cannabisa/haxixa kontsumitzea nahiko larria da %31,9rentzat eta hagitz larria %31,7rentzat.


DROGA KONTSUMOA

Alkohola eta tabakoa dira gehien kontsumi­tzen direnak eta ondotik, cannabisetik eratorritako drogak.

Eusko Jaurlaritza, 2004

 

«Argi izan behar dugu­ gure gizartean drogak badirela eta beti egongo direla. Drogen kontra joateak ez du erantzun posi­tiborik. Orain­ arteko erre­presioak ez du lagundu, eta drogak dauden gizartean bizi­tzen ikasi behar dugu, beti ere, muga ba­tzuekin». Horrela adierazi digu Askagin­tza­ko Ba­kar­txo Iraguik. Izan ere, hori da 1983­an sortu zenetik Askagin­tza­ren (droga-men­de­ko­ta­sun fenomenoa norma­li­za­tzen­ laguntzeko lanean dabilen herri erakundea) helburu nagusia, eta hori izan da, aldi berean, Ko­mu­nita­tean Drogen Mendekotasunei aurrea har­t­ze­ko Bera Herri Planaren xede nagusia ere bai. Lehendabizikoz drogak kontsumitzen hasten deneko adinak behei­ti egin du azken urteotan, eta gero eta nerabe gehiago dira droga kon­tsu­mitzen dutenak. Alko­ho­la eta tabakoa dira gehien hartzen direnak, eta cannabisaren eratorriak (marihuana eta haxixa) gehien kontsumi­tzen diren droga ilegalak. Droga bizigarrien (spped, kokaina...) kontsumoa ere igotzen ari da eta berezi­ki asteburuetan kontsumitzen badira ere, egune­rokotasunari eusteko kontsumitzen dutenak ugaritzen ari dira. Droga kontsumo horrek izan di­tzakeen arriskuez, ordea, ez dira gehiegi jabetzen. Droga kontsumoa gaz­teen artean he­dat­zen ari zela ikusita, Askagin­tza elkartera jo zuten Beran orain urte batzuk. Toki Ona Ins­titutuko Guraso Elkartea izan zen ho­rren bultzatzailea eta ondotik, elkarlanean sartu zen Berako Udala. Hala, 2004an Komunitatea eta Drogak ikerketa egiteko eskatu zitzaion Askagin­tzari, eta honek 2005eko abenduan aurkeztu zuen. «Bera Nafarroako ber­tze eremu batzuetako egoera beretsuan zegoela eraku­tsi zuen azterketak; ez zegoela ez hobeki, ez makurrago ere», kontatu digu Jon Abril Berako zinegotziak. Ber­tze­lako faktoreak ere ondorioztatu ziren, hauxe adibidez: «krisi hau hasi ai­tzinetik, gazte-gazteta­tik lan mundura sartzeko aukera aunitz izan dira hemen. Ho­rrek dirua ­mane­ja­tzeko aukera gehiago dakar eta horrekin arris­kua haundi­tu egiten da». Ikerketa horretatik abiatuta, herritarren ekarpenak jaso ziren eta ho­rrekin diseinatu zen He­rri Plana, 2006 eta 2010 urteen artean garatu beharrekoa, baina oraindik indarrean dagoena.

 

Hiru alor

Hiru esparrutan landu dute plana: hezkun­tzan, familia eremuan eta ko­mu­nitatean, eta bakoi­tzean hainbat programa.

Hezkuntzan, erra­te­ra­­ko, irakasle, ikasle eta familiekin aritu dira lanean. Iraguik azaldu digunez, «batetik, gaia irakasleekin landu dugu, gero irakasleek ikas­lee­kin ga­ra­­tzeko. Tailerrak, lantaldeak, bideoak.. egin dira. Baina horrez gain, kan­po­ko profesionalak ere eka­rri ditugu ikasleekin egoteko». Hez­kuntzan egin den lanaren erakusle dira Drogak Larrugo­rrian eta kon­tsu­mo pro­ble­mak dituzten ikas­leei laguntzeko Babes Sarea egitasmoak. Hasieran DBH­­­koekin aritu baziren ere, Lehen Hez­kun­tzan ere programa bat landu zu­ten iaz: «kon­tsu­­moa­rekin zerikusia duten es­trategiak garatu dira: ezetz esaten ikasi, sentimenduak eta emozioak adierazi...», azaldu digu Iraguik. Adinekoekin, be­rriz, boti­kak izan dituzte hizpide.

Familia eremuan, gurasoentzako saioak egin dira: «familia eremutik preben­tzioa nola landu daitekeen hausnartu dugu», dio Iraguik. «Helburua familia osasuntsuak eraiki­tzea da, arauak eta mugak jar­tzen jakitea, komunikazioa bultza­tzea...».

Komunitatean ere pro­grama andana landu da: aisialdiko begiraleeak formatzeko proiektua, Gozatu, ez tronpatu kanpaina bes­tetan (kartelak, pegatinak, alkoholime­troa...), Drogak eta sexualitateak informazio puntua (Beralandetan aholku­laritza eskaintzen dute, hilabeteko bigarren eta laugarren ortzi­raletan, 17:00etatik 20:00etara),...

Eta guztiaren bultza­tzaile nagusia guraso, udal or­dezkari eta Aska­gintza­ko kideek osatutako Pre­bentziorako Kon­tseilua izan da, hilabetero edo bi hilabetean behin bildu dena. Lanketa haundia egin dute, eta eginda­koaren ba­lorazio «hagitz positiboa» egin digu Abrilek, nahiz eta aitortu, «zaila de­la zein­ ondorio izan duen neur­tzea, drogak berdin kontsumi­t­zen diren ala ez jakitea». Gaine­ra­tu digunez, «seme-­alaben heziketan gurasoek lagunga­rria izan zaiela azpima­rratu dute, eta ikasleek ere eskertu dute informazioa. Zinego­tziok egiten dugun balora­zioa ere positiboa da. In­forma­zioa denok jaso dugu eta bakoitzaren es­ku­ dago kon­tsu­mi­tu ala ez».

Iraguik, bere aldetik, orain­dik egitekoa badagoela iritzi dio: «zailtasun edo frustrazioei nola au­rre egin barneratuko bagenu, askotan ez genuke drogetara joko, edo ai­­sialdia juerga egitea, eda­n edo drogak har­tzea, bakarrik ez dela barneratuko bagenu, drogen kon­tsumo askoz ere ardura­tsuagoa egingo genuke».

2010era artekoa zen herri plana, baina oraindik ere lanean segituko dute: «2011 trantsizio urtea izanen da. Kanpainak eta ikaste­txeetako interbentzioa mantenduko ditugu, baina hurrengo plana pres­ta­tzeko ere balia­tu nahi dugu», dio zinego­tziak. Bertzeak bertze, hori izanen dute hizpide apirilaren 2an Beralandetan Uda­lak eta Askagin­tzak antolatuta eginen den ebaluazio jardunaldian. Aste horretan, drogen inguruko erakusketa ere izanen da Beralan­de­tan, larunbatera arte.

 

Ebaluazio jardunaldia

• 10:00: ongi etorria, planaren ebaluazioa eta II. planerako ildoak ezarri.

• 10:30: ebaluazio eta ildoen eztabaida taldean.

• 11:15: taldetan eztabaidatutakoa bat egin.

• 11:30: atsedenaldia.

• 12:00: hitzaldia: drogomendekotasunen fenomenoaren gaineko gogoeta, Hilario Garrudo psikologo klinikoarekin.

• 13:30: akabera.

• Oharrak: doakoa da eta izen ematea martxoaren 28a baino lehen egin (012) behar da. Ludoteka zerbit­zua­ izanen da 3 urte­tik­ goiti­koen­­tzat.

 

Mari Carmen Alonso, berako gurasoa

«Gurasoen papera ezinbertzekoa da, seme-alaben ondoan egon behar dugu»

Bere seme-alabak nerabeak zirela, Beran gazteen artean droga kon­tsu­­mi­tzen zela jakiteak kezka sortu zion Mari Carmen Alonsori, eta bera izan zen Askagintzako Txus Congil zenarekin harremanetan jarri zena. Halaxe hasi­ ziren Toki Ona Ins­ti­­tutuan gurasoen­tzako hitzaldiak eta es­kolak antola­tzen. Handik, berriz, Con­gilek proposatuta, Berako Uda­la­ren­gana jo zu­ten gurasoek eta hura­xe izan zen Drogen Men­deko­ta­su­ne­rako Bera Herri­ Planaren hastapena. Plan honen bidez azken urteotan egin diren jardue­re­­kin kontent ikusi dugu Alonso: «beldurrik gabe gaiari buruz solasteko gai naiz orain, eta bertze modu bate­ra hartzen ikasi dut», adierazi digu. Baina hortik haratago, gurasoen pape­ra ere nabarmendu digu: «gurasoen papera ezinbertzekoa da, eta esku arte­tik joaten zaigun egiteko bat dugu. Seme-alaben ondoan egon behar dugu, baina eurek agobiatu gabe. Kon­tsumi­tzen badute, lagundu egin behar zaie, kontsumoa arduratsua izan dadin lagundu».

 

Aitziber Esnaola, Berako gaztea

«Beran droga kontsumoa haundia da. Bazegoen zerbaiten beharra eta oraindik ere badago»

Labiaga Ikastolako ikasle zenean, ikastolako irakasleak Askagintzakoekin aritu ziren lanean eta horren bidez, irakasleekin drogen gaia landu zuten Aitziber Esnaola Berako gazteak eta bere gelakideek: «zer diren dro­gak, zein ondo­rio dituzten, nahas­ketek zein eragin duten... Ez ziguten erraten ez kontsumi­tze­ko, baizik eta zer kon­tsumitzen den eta horrek zer ondorio dituen, hau da, kon­tsumo arduratsua egiteko». Nafarroa Oinez Beran egin ze­nean ere Askagintzakoekin egon ziren Esnaola eta bere lagun batzuk: «Nafarroa Oinezen aitzinetik ikastaro bat egin genuen, eta Nafarroa Oinez egunean, Askagintzakoekin egon ginen. Edaten edo erretzen ari zirenenga­na joaten ziren eta zer kon­tsum­itzen ari ziren esplikatzen zieten». Bai esko­lan landutako informazioarekin eta bai Nafarroa Oinezen egindako kanpainarekin ere «gustura» gelditu zela aitortu digu Esnaolak: «zuzenean ‘ez egin hori’ erran­ beharrean, erakusteko modu hobea da hori». Gainera, bere irudiko, «Beran droga kon­tsumoa haun­dia da, gazte eta gaz­teak ez di­re­­nen artean, modu guzietako jendearen artean. Bazegoen ho­rrelako zerbai­ten beharra eta orain­dik ere badago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun