Beran jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 11

Oskar Estanga, Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Jon Barberena, Saioa Alkaiza eta Jon Elizetxe ariko dira larunbateko saioan Beran. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Martxoaren 12an izanen da saioa, larunbat arratsaldeko 17:30ean Kultur Etxean, eta sei bertsolarik hartuko dute parte

Azken-laurdenetako fasea amaituta, martxoaren 12an finalaurrekoei hasiera emanen die Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Hiru finalaurreko izanen dira, Beran (martxoaren 12an), Leitzan (martxoaren 19an) eta Elizondon (martxoaren 26an). Finala, berriz, apirilaren 9an jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Azken-laurdenetako fasea amaituta, martxoaren 12an finalaurrekoei hasiera emanen die Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Hiru finalaurreko izanen dira, Beran (martxoaren 12an), Leitzan (martxoaren 19an) eta Elizondon (martxoaren 26an). Finala, berriz, apirilaren 9an jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Lehen finalaurrekoa Beran da, martxoaren 12an, herriko Kultur Etxean. Sei bertsolari arituko dira taula gainean: Oskar Estanga gaintzarra, Eneko Lazkoz etxarriarra, Oier Lakuntza iruindarra, Jon Barberena elizondoarra, Saioa Alkaiza antsoaindarra eta Jon Elizetxe gartzaindarra.

Kantatuko duten bertsolarien artean Oskar Estanga Txapelketa hasi aurretik sailkatuta zegoen finalaurrekoetarako, iaz bosgarren egin baitzuen. Iazko Txapelketako finalean ere kantatu zuen Eneko Lazkozek, seigarren egin zuen eta Irurtzungo azken-laurdena irabazita sailkatu da. Bestetik, Jon Barberena bitan izan da Nafarroako txapeldunordea, 2007an eta 2008an. Horiekin batera, Lakuntza, Alkaiza eta Elizetxe lehen aldiz finalerako sailkatzen saiatuko dira.

Berako finalaurrekoa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Iruñeko finalerako. Gainerakoek zain egon beharko dute finalaurreko guztietako puntuazioak ezagutu arte, bost postu puntuz erabakiko baitira.

Finalaurrekoetarako sarrera zortzi eurokoa da, bost euro Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Sarrerak aldez aurretik erosten ahal dira www.bertsosarrerak.eu atarian.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Nafarroako Bertsolari Txapelketako antolatzailea eta Berako saioa antolatzeko Berako udalaren laguntza izan du.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua www.nafarroakotxapelketa.com web gunean duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun