Lesakako San Fermin erretiratu elkarteak 40.000 euro inguruko aurrekontua izanen du aurten, otsailaren 26an egindako batzar orokorrean onartu zenez. Azken urteetan presidente izan den Carmelo Etxartek kargua uzteko asmoa du, baita batzordea osatzen duten 7 lagunetatik bertze batzuk ere, baina batzarrean izan ziren 70 bat bazkidetatik bakarrik erakutsi zuen batzordean sartzeko borondatea eta aitzineragoko utzi dute aldaketa. Ortziral honetan, martxoaren 11n, bertze bilera bat egiteko dute.
Bertze gainerakoan, ez da aldaketa handirik izanen 412 bazkide dituen elkarteak antolatuko dituen ekitaldietan. Martxoaren 19an Aita eta Aitatxien Eguna ospatuko dute bazkari batekin. 14:00etan eginen dute elkartearen egoitzen honako menu honekin: sarrerako hotz eta beroak, bildotsa txilindron eran eta tarta, dena, ardo, ura, cava, kafea eta koparekin hornitua. Bazkari honetarako txartelak martxoaren 12a baino lehen hartu beharko dira, 20 euroren truke. Beti ere hamar lagun baino gehiago beharko dira bazkaria egin dadin, bertzenaz, inauterietako afariarekin gertatu zen bezalaxe, bertan behera utziko baita.
Urtero egiten dituzten bidaien artean hurrengoa, apirilaren 15ean erretiratuak Arantzazu eta Loiolara eramanen dituena izanen da.
Astelehen eta ortzegun arratsaldeko gimnasiarekin edo memoria eta nutrizio ikastaroekin segituko dute aurten ere, baita gainerako lehiaketa eta eginkizunekin ere.