Iskanbila batean parte hartu zuten nazionalidade frantziarra duten bi lagun atxilotu zituen Foruzaingoak martxoaren 5ean Ibardinen, desordena publikoa, autoritateari erresistentzia eta kalteak eragiteagatik.
Hamabortz bat lagun borrokan ari zirela eta Elizondoko Foruzaingoaren patruila joan zen larunbatean Ibardingo bentetara. Foruzainak iskanbilan parte hartzen ari zirenak baretzen eta banatzen saiatu omen ziren, baina bertze patruila baten laguntza eskatu behar izan zuten eta Guardia Zibila ere agertu zen. Identifikatzen ari zirenean, 28 urteko H.O. gizasemeak poliziak iraindu, mehatxatu eta jotzen saiatu zen eta foruzainek atxilotu egin zuten. Foruzaingoaren aytoan ere kalteak eragin zituen, momentuoro jarrera oldarkorra agertu baitzuen.
Bertze aldetik, 35 urteko J.A.T.L. gizasemeak ere, inguruan aparkatua zegoen bertze auto baten kristala hautsi zuen eta hau ere atxilotu egin zuen Foruzaingoak, Iskanbilan parte hartu zuten gainerako guziak identifikatu egin zituzten.
100 gramo kokainarekin atxilotua
Bertze aldetik, joan den otsailaren 23an, Bera parean N-121-A errepidean jarritako kontrol batean G.R.A., 28 urteko donostiarra atxilotu zuen Foruzaingoak, osasun publikoaren kontrako delitua egin duelakoan. Donostiarraren autoa gelditu ondotik, urduri ageri zen eta autoa miatu zutenean, 51 eta 49 gramo kokaina zituzten bi poltsa topatu zituzten gorderik.