Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Lana, Familia eta Bizitza Pertsonala uztartzeko II. Itun Mankomunatuak antolatuta, hilaren 11n, 19:00etan hitzaldia eskainiko du Beralandetan Equala Fundazioko Vanina Vazquez Gentilek ¿Quién me ha robado mi... tiempo? izenburupean eta 21:00etan Zubiondon afaria izanen dira, 15 eurotan. Gizonezkoak ere joan daitezke eta izena emateko 948 625472ra deitu behar da.
Emakumeen irteera
Emakumeen mendi ateraldia eginen da martxoaren 13an Labiagara. 09:00etan abiatuko dira Iamoteneatik eta ibilaldiaren ondotik, bazkaria eginen dute. Bazkarira joan nahi dutenek hilaren 11 baino lehen eman behar dute izena, telefono hauetako batera deituz: 948 631076 (Rosa) edo 948 630362 (M. Karmen, gauez).
Manifestua
Emakumearen Eguna dela eta, manifestua ere karrikaratu du Bortzirietako Jendarte Zerbitzuak.
2011KO MARTXOAREN 8RAKO MANIFESTUA
Beste urte batez, 2011 urtean, mundu mailako Nazio Batuen oroitzapenarekin bat eginez Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. “Martxoak 8” honetan, genero arrazoiak direla eta gizartean oraindik errotuta ditugun desberdintasun eta diskriminazioak gaindituz, emakumeek izaki sozial moduan autonomia eta independentzia osoa lortzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Berdintasunezko gizarte batean bizi garenaren sinesmena geroz eta zabalduagoa dago. Boto eskubideak, ordezkaritza politikoak, eskolatze edo hezkuntzarako sarbideak, diru sarrera propioak eta lehen pertsonan parte hartzeko aukerak, emakumeak gizonezkoen parean daudela pentsarazten baitute. Berdintasun formalaren irudikeria baino ez da.
Alabaina, errealitateak etengabe aldendu egiten gaitu, emakumeenganako biolentzia estatistikek, lan eremuko desberdintasunek, etxeko zaintza eta ardura desberdintasunek… argi erakusten duten moduan. Gizarteko kide garen aldetik, diskriminazioak gurean oraindik bizirik jarraitzen duela eta emakumeon eskubideak eraginkorrak izan daitezen lanean tinko jarraitu behar dugula argi izan behar dugu.
Genero pribilegioen amaiera ez da mehatxu pertsonal moduan hartu behar, gizartea osatzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetuko duen onura bilatuko duen garapen jasangarri batean lan egiteko aukera moduan baizik. Inguruaren osotasuna, bideragarritasun ekonomikoa eta egungo eta biharko belaunaldiendako gizon eta emakumezkoak pertsona moduan desberdinak baina aukerei dagokionez berdinak izanen diren gizarte bidezkoago bati erantzunen dion etorkizuna eraiki dezakegu.
Honengatik guztiagatik,
ADIERAZTEN DUGU emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna erdiesteko lanean tinko jarraitzeko konpromiso sendoa, eta instituzio eta talde desberdinek 2011ko martxoak 8 ospatzeko antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.