Baztan-Bidasoako ELA sindikatuak erantzun egin dio LABek egindako adierazpenei, “larriak, faltsuak eta onartezinak” direlak erranez eta bi sindikatuen arteko “enfrentamendu artifiziala” bilatzen dutela aipatuz.
ELAk dioenez, Funveran kasik bi hilabetez greban egon ziren, erresoluzioaren aitzinetik eta ondotik, “neurri handi batean ELAk duen gehiengoaren ondorioz”. Izan ere, Funverako enpresa batzordean 7 ordezkari ditu ELAk eta 2 LABek. Krisia Baztan-Bidasoan hasi zela bi urte baino gehiago bete direnean egoera dramatikoak izan direla onartu du ELAk, baina sindikatu honek gehiengoa duen lantegietan, “lanpostuak mantentzeko erantzun sindikala eredugarria izan da eta Nafarroako Gobernuak EREa onartu ondotik ere segitu da grebekin”. Horregatik, harrigarria iruditzen zaio ELAri LABek neurtzeko erabiltzen dituen bi neurri ezberdinak, “Funverak izan duen borroka eredugarria kritikatuz eta Marmoles Baztanen bezala LABek bakarka kudeatu dituen bertze batzuetan izandako bukaera eta despidoak, ixilduz”.
Funverako kasuan, “LABeri ahaztu egiten zaio kaleratutako 47 langileetatik 33 ELAko afiliatuak zirela” dio sindikatu honek eta hortaz, ez zaio onargarria iruditzen LABek bere oharrean zabaldu dituenak, “zeharka, enpresaren kontratazio politikaren arduradun ELA eginez”.
Bere egunean defendatu zuen bezala, orain ere kontratazioak aitzinatasun irizpideak egin behar direla uste du ELAk eta hortaz LABek kritika enpresari egin behar diola uste du, “baina badirudi gure eskualdean LABen arerioa ez direla enpresario itxiak edo Nafarroako Gobernu ultraneoliberala, ELA baizik”.
Etengabe eta arrazoirik gabe ELAri kritika egiteko ekimena berriz ere aztertzea eskatu dio LABeri. “Argi daukagu –dio ELAren idatziak– egunero borrokatu behar dugun arerioa ez dela LAB, baina zoritxarrez ez dirudi LABen hausnarketa maila horretan daudenik”.