Guardia Zibilak berriz ere Beran herriko gazteei molestatzen eta modu txarretan tratatzen hasi direla ikusirik, Udalak ahobatez bere babesa adierazi die gazteei eta nahiz Berako kuartelean, nahiz Nafarroako Gobernuaren Delegazioan horrelako gertaerak izan ez daitezen behar diren gestioak eginen ditu. Herriko Etxeko udal batzarrean jakinarazi zutenez, «berriro badira arazoak Guardia Zibilak gazteekin duten jarrerarekin. Izan dira abusuak eta berriro hasi dira molestatzen gazteei. Aldiro gertatzen ari den gauza da, lehen salatu zen, baretzen dira momentuan, baina gero berriro hasten dira».
Ez da jarrera berria
Izan ere, ez da kontu berria jarrera hau Beran. Joan den urteko martxoaren 31n, Guardia zibil eta foralen jokabidea salatu zuten prentsaurrean Berako Udalak eta Kaxerna Gaztetxeak, «behin eta berriz egiten dituzte mehatxu, miaketa, umilazio eta abarren aitzinean euren desadostasuna adierazteko». Orduan Udalaren, herriko 40 komertzio eta eragileren eta 170 norbanako baino gehiagoren atxikimendua jaso zuen Gaztetxeak. Udalak, martxoaren 25eko batzarrean, ahobatez onartu zuen Gaztetxearen idatzia.
Kontroletan gelditzeaz gain, gorputz osoan eta kotxeetan ere miaketak egiten zituztela, eta «harrokeria izugarriz mehatxatu» zituztela salatu zuen Kaxernak. Horrez gain, «edozein arratsaldetan kale erdian gelditu eta publikoki galtzak jaistea behartu» edo «zibilez jantzita eta kotxe zibilekin atzetik segitu era kriminalak bagina bezala gelditu ondoren, berriz ere miaketak eta mehatxuak» egiten zituztela kritikatu zuten gazteek. Josu Iratzoki alkateak, bere aldetik, «zerbait serioagoa gertatzeko beldurra» adierazi zuen, «bereziki gauez». Iratzokik gogoratu zuenez, «2007an kasu larri bat izan zela guardia zibilaren patrol batek eragindako istripuarekin, 2008an ostatu bateko zerbitzariarekin izandako istiluagatik salaketa bidali zuen Udalak Barne Departamentura, 2009an ere arazo beretsua errepikatu zen ostatu batean eta kasu honetan Emma Saiz Barne Departamentuko buruari eskutitza bidali eta Guardia Zibilaren buruarekin ere bildu ginen, baina instituzioekin bilduagatik arazoak berdin segitzen du eta ez da moldatzen».