Apirilaren 17an eginen den Berako Mendi Maratoi Erdia Nafarroako Taldeen arteko Txapelketa izanen da aldi berean. Txapelketa honetan Nafarroako Mendizaleen Federazioan izena emana duten taldeek hartuko dute parte. Joan den urtean Lakuntzan egin zen edizioan, Manttale Mendi Lasterketa Taldea izan zen garaile, Aralar Mendi eta Dantzaleku taldeen aitzinetik, eta aurten ere lehia horretan izanen dela iragarri dute taldetik.
Manttale saritua
Iaz bezala, aurten ere Manttale Taldeak hainbat sari eskuratu ditu Nafarroako Federazioaren eskutik. Urtarrilaren 21ean Mendillorrin egindako galan hartu zituen sariak. Nafarroako Kopari dagokionez, lehendabiziko bi postuak eskualdean gelditu dira: Manttaleko Iñigo Lasagak bigarren postua erdietsi zuen, Fernando Etxegarai beratarraren gibeletik. Lasagak berak Kopa osatu zuten lasterkarien artean, gazteenaren saria ere jaso zuen, Loro Pikabea saria, hain zuzen. Helduen saria ere, Xabier Zubieta saria, Manttaleko Txus Unsionek hartu zuen.