25etik gora Mozorro Xurik antolatutako inauteriak ederrak izan dira. Ortzegun eta ortziralean, baserrietan eta herri kaxkoko etxeetan eskean ibili ziren helduak, Aintzane, Beñat, Itziar eta Tania musikariak lagun zituztela. Ortziralean eta larunbatean, berriz, eskolako mozorro gaztetxoek puxka biltzea egin zuten. Bertzalde, ortziralean, Jon Maia, Jexux Mari Irazu eta Julio Sotorekin bertso afaria izan zen Aterpean eta 03:30 arte luzatu zen bertso saioa. 25 emakume, berriz, Pabloenean afaltzeko bildu ziren. Eta gainera, Herriko Etxeko gorapean Salaberrirekin dantzaldia izan zen goizeko ordu ttikiak arte. Larunbatean lasaitasuna zen nagusi goizean. Batzuk, ordea, bazkaritik mozorrotuak atera ziren, Buztanesa eta ijitoen arropa saltzeko orgatxoa eta guzi. Arratsaldez, dozenaka haur eta guraso mozorrotuk herrian kalejira egin zuten musikariekin. Euri tarte bat izan bazen ere, denak frontoian bildu eta txokolatada izan zen Guraso Elkarteak emana. Mezondoan, mozorro helduek prestaturiko herri kirol saioa izan zen eta opariak ere zozketatu ziren. Arratsean giro ezinhobea izan zen herrian eta bertakoak eta kanpotik etorritako inauterizale purrustak ederki pasatu zuten. Herriko gorapean, Obaneuke taldeak dantzaldia eskaini zuen. Mozorro Bestaren esperoan geldituko gara orain.