Inauteri egun ofizialekin bat eginez, eta gazteek antolatutako inauterien ondotik, Ortzegun Gizen eguna izanen dute ortzegun honetan eskolako haurrek. Taldetan banatuko dira: Haur Hezkuntzakoak alde batetik, 6-7 urtekoak bertzetik, 8-9 urtekoak euren aldetik eta berdin 10-11 urtekoak. Talde bakoitza, mozorrotuta, eskean ibiliko dira herriko hainbat auzotan. Musikarekin batera, zingar-arraultze kantatuz ariko dira.
Hori izanen da eguraldi onarekin eginen dutena, baina eguraldi txarrarekin, joan den urtean bezala, herrian barna denak elkarrekin aterako dira.
Arratsaldean, berriz, eskolan zinema edo bertze jardueraren bat eginen dute eta 16:00etan Guraso Elkarteak prestatutako merendua Biltoki elkartean.
Antzerkiak
Ortziralean, hilak 4, antzerkien eguna izanen da, talde bakoitzak bere antzerkia eskainiko baitu Baratzondon 14:30etik 16:00etara. Sarrera dohainik da eta nahi duena joan daiteke ikustera. Aipatu, gainera, bigarren zikloko ikasleek Lamixene antzerki taldeko kidearekin prestatu dutela saioa.
Gurasoentzako hitzaldia hurrengo astean
Familian emozioak zaintzen, lehen kontaktua. Izenburu horixe duen hitzaldia eskainiko du Jon Berastegi orientzailea eta emozio hezkuntzan aditua denak hurrengo asteazkenean, martxoak 9.
Edozein adinetako haurren gurasoei bideratua dago solasaldia, eta eskolan eginen da, hirugarren zikloko gelan, 18:00etatik aitzinera. Euskaraz edo gaztelaniaz eginen den momentuan erabakiko da, etorriko den jendearen arabera.
Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainko da eskolan, hitzaldiak iraunen dituen bi ordutan. Edozein kasutan, dohainik izanen da.