Beti Gaztek 105.200 euroko aurrekontua izanen du aurten, iazkoaren berdintsua, otsailaren 12ko batzarrean onartu zenez. Elkarteak 960 bazkide baldin baditu ere, hogei bat bertzerik ez ziren azaldu urteko batzar orokorrera.
Iaz, elkartearen sorreraren 70. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi berezi antolatu ziren, baina aurten ez da halakorik izanen. Halere, ohiko jarduerekin segituko dute. Gainera, igerilekuetako aldagela zaharrak moldatzen segituko dute, elkartearen egoitza bertan lekutzeko asmoarekin. Kultur arloan, Irakurketa Txokoarekin segitu nahi dute, izan ere, hamabostero 25 bat lagun elkartzen baitira, liburuak irakurri eta komentatzeko, filmak ikusteko edo dantza ezberdinak ikasteko, bertzeak bertze. Gainera, mendi taldea ere gogotsu dago eta kasik astero ateraldiak antolatu ditu. Joan den urtean, Nafarroako Kutxaren Zuk Aukeratu Zuk Erabaki programaren bitartez Mastegiko aldagela berrien zati handi bat ordaindu zen eta aurten kirol taldeen ekipazioa lortzeko egitasmoa sartu da.
Zuzendaritza batzordean aldaketa handiegirik ez da. Salvador Yancik segituko du presidente lanean, eta presidenteordea Jesus Mari Zapirain izanen da, Diego Garibaien ordez. Idazkari lanetan Modesto Maiak segituko du bakarrik, Cañi Zayasek kargua utzi baitu eta diruzain lanean Ana Errandonea ariko da aurten ere. Futbol, sokatira eta kultura bokaliak hutsean gelditu dira. Hori bai, oinarrizko futbola lantzen Juan Angel Ordoki, Jennie Telletxea, Maite Telletxea eta Alberto Arakues ariko dira; mendi sailean Bixente Igarzabal eta Diego Garibai; txirrindularitzan, Beñardo Iantzi, Joxemi Maritxalar eta Javier Igartzabal; mantenimenduan Jose Mari Gurrutxaga eta Angel Caballero eta prentsa eta web orria kudeatzen Juanjo Guerrero eta Javier Oiartzabal.