Otsailaren 18an egin zuen Gure Txokoa Elkarteak urteko batzar orokorra eta aipatutako gaietako batzuk aurtengo ekimenak izan ziren: futbolean eta pilotan orain artekoarekin segituko da; dantzariei dagokienean, bertzeak bertze, Dantzari Ttiki Eguna, Inude eta Artzainak eta bestetako ikuskizuna eginen dira; atletismoan, Lizuniagako Igoera eginen da eta horrekin batera, Manttalerekin emakumeen taldea sortu denez, Altzateko bestetan emakumeentzako lasterketa; txirrindularitzan, maiatzean Errandonea memoriala, ekainean kadeteen lasterketa eta Larungo Igoera eta irailean mendi bizikleta ateraldia eginen dira; igeriketan bestetan txapelketa eginen da; mus txapelketa larunbat honetan; Lurraren Egunaren 25. urteurrena ere eginen da eta margo tailerra dagoeneko hasia da. Guztira, 135.000 euroko aurrekontua izanen du aurten.
Kuoten tarifa batzuk ere aldatu dira: 0-18 urte bitartekoek eta jubilatuek urteko 18 euro ordaindu beharko dituzte eta 18-65 urte artekoek 30 euro. Futbolean, berriz, ttikietatik jubeniletara, hurrengo denboralditik aitzinera 12 euro ordaindu beharko dira, fitxa, errebisio eta abarren gastuak ordaintzeko.
Bertzalde, ostatua gaizki uzten duenari 30 euro kobratuko zaizkio eta norbaitek mahai gehienak edo denak behar izanez gero, zuzendaritzari eskaera egin beharko dio. Bertzalde, erretzeari buruzko lege berriak hala diolako, ezin izanen da egoitzan erre.