36.000 ingeniari behar omen ditu Alemaniak, eta eskaera hori tarteko, hemengo ingeniariak harat begira jarri dira. Baina badira lehendik ere han daudenak, eta hori da Egoitz Zelaietaren (Bera, 1984) kasua. Telekomunikazio Ingeniaritza egin zuen Donostian, 2007an Erasmus egitera joan zen Munichera, eta unibertsitateko proiektua egiteko Euskal Herrian pasatu zituen bi hilabeteak kenduta, geroztik Alemanian bizi da Ane neskalagunarekin. Gustura dago, baina aitortu digu «aberriak pisu gehiegi duela nire bihotzean inoiz ez bueltatzea planteatzeko».
TELEKOMUNIKAZIOA
«Kontuan hartuta gure herriak uste baino azkarrago zahartzen ari direla eta zaila izanen dela gizarte segurantzaren kostua ordaintzea, jendeak Internet bidez zerbitzu gehiago erabil ditzake. Zerbitzu hauek sortzeko iniziatiba pribatua nahiko ttikia denez, gobernuak estrategikoki bultzatu beharko lituzke, lanpostuak sortzeaz gain, epe luzera diru aunitz aurrez daitekeelako»
Zergatik erabaki zenuen ingeniaritza ikastea?
Zerbait teknikoa ikasi nahi nuen eta Karrera hasi baino lehenago, 2000. urte inguruan, sakeleko, GPS eta horrelako aplikazio interesgarriekin mugimendua hasi zen eta horregatik aukeratu nuen Telekomunikazio Ingeniaritza. Euskal Herria estatu mailan punteroa da eta enpresa interesgarriak daude, gero eta gehiago Europara eta bertze herrialde auniztara esportatzen dutenak. Bertzalde, soldatak bertze sektore aunitzetan baino hobeak dira.
Kontatu pixka bat ze ikasketa egin dituzun eta non…
Berako Toki Onan egin nuen DBH eta Irungo La Sallen Batxilergoa. Gero, hasieran dudan egon nintzen ikasketak Donostiako Tecnun-en (Nafarroako Unibertsitatea), Arrasaten edo Iruñeko publikoan egin, eta azkenean Donostian egitea erabaki nuen. Alde batetik, Beratik hurbil dagolako eta gehienbat Tecnun-ek daukan prestigioagatik. Berako bertze bi lagun hasi ziren nirekin batera: Javier Iriarte (Ingeniaritza Industriala) eta Aitor Erdozain (Telekomunikazioak). Karrerako azken seihilabetekoan, Erasmus Munich-eko unibertsitate teknikoan egin nuen.
Zergatik joan zinen Alemaniara?
20 urterekin konturatu nintzen gaur egun ingelesa ongi jakitea ez dela berezia den zerbait, eta Alemaniak ingeniaritza mailan tradizio haundia daukanez, alemana ikasten hastea gogotu zitzaidan. Lehenbiziko bi urteetan klase partikularrak hartu nituen Donostian eta bi udatan Bremen-en eta Stuttgart-en hilabete bana pasatu nituen hizkuntza hobetzeko. Gero, Erasmus programaren barruan Munich-eko unibertsitatea aukeratu nuen sei hilabetez egoteko. Munich-etik bueltan, CEIT-en (Donostiako Miramon Parke Teknologikoan) proiektua bukatu eta Alemaniara joan nintzen berriz, Erlangen-eko Fraunhofer Institutuan lan egitera. Baviera iparraldean Nuremberg-etik hurbil dagoen institutu hau ezaguna da, bertzeak bertze, MP3 audio formatua asmatu zelako. Horren ondotik, software-eko proiektuak egiten dituen enpresa batean hasi nintzen lanean. Enpresa honen bitartez Siemens-eko proiektu batean hartu nuen parte, itsasoko haize errota berrien mantenimendu prebentiborako microchip bat programatzen. Krisi ekonomikoa Alemaniara ere ailegatu zen eta zoritxarrez proiektu honen finantziazioa izoztu egin zuten. Momentu hortan nire enpresan proiektu interesgarri aunitzik ez zegoenez, berriz ere suertea probatzea erabaki nuen, eta horrela, orain lan egiten ari naizen enpresan hartu ninduten. Potentzia elektronikan liderra den SEMIKRON-ek online denda bat (SindoPower) irekitzea erabaki zuen 2009an eta ni aukeratu ninduten denda horretako produktuak antolatzeko eta bezeroei aspektu teknikoetan laguntza eskaintzeko. Nahiz eta hasieran bezero gehienak alemaniarrak izan, orain mundu osoan saltzen dugu, eta tarteka bezeroren batekin euskaraz mintzatzeko aukera ere izan dut.
Alemaniarrak aitzineratuak daudela erraten da beti. Zuk ere somatu duzu hori?
Lehenbizi aitzineratu hitza definitu beharko litzateke. Teknologikoki ikusten da kontsumitzaile alemaniarra hagitz exijentea dela eta gizartean eta enpresetan dena hagitz ongi antolatua dagoela, bai. Korrupzio gutti dago eta proportzioan diru beltz guttigo mugitzen da. Baina nahiz eta ailegatu nintzenean kontrakoa pentsatu, familiak hagitz “tradizionalak“ izaten segitzen dute. Normala da gizonak lan egitea eta emakumea umeak izan ondotik etxean gelditzea. Gobernuak laguntza aunitz ematen ditu familia izateko. Ume bakoitzagatik, gurasoei aukeran 14 hilabete libre ematen zaizkie bien artean banatzeko, soldataren hiru laurden baino gehiago kobratuz. Gero, oker ez banago, semeak edo alabak 18 urte bete arte, gurasoei ume bakoitzeko ia 200 euro ematen zaizkie hilabetean. Nahiz eta laguntza hauek izan, populazioa azkar zahartzen ari da eta espero da hurrengo urteetan Alemaniak jendea galtzea. Hau da Alemaniak horrenbertze langile atzerritar behar izatearen arrazoietako bat. Enpresa alemaniarrak azken hamarkadan ekonomikoki egin diren erreformen ondotik, mundu mailan hagitz konpetitiboak dira eta esportatzen segitzeko, langile aunitz behar dituzte. Hurrengo galderara pasa aurretik, komentatu nahi dut, noski, euskaldunak janari kontuan dezente aitzineratuak gaudela!
Zein neurritan nabaritu da krisia Alemanian?
Krisia Alemaniara nahiko azkar ailegatu zen, eta hasieran jendeak beldur haundia zeukan, banku alemaniarrek diru aunitz inbertitua zutelako Amerikako Estatu Batuetako subprime hipoteketan. Baina gobernuak Kurzarbeit programa jarri zuen martxan; enpresei aukera eman zien, langileak kalera bota beharrean lanean mantentzeko, ordu guttiago lan eginez. Adibidez, zortzi ordu egin beharrean, sei bakarrik; edo astelehenetik ortzegunera bakarrik. Langileen soldatak, hala ere, ez ziren ia jeitsi, gobernuak ordaintzen baitzuen diferentzia. Orain ikusi da, krisiak urte pare bat bakarrik irauten badu, merezi duela Kurzarbeit egitea, enpresa batentzat hagitzez garestiagoa baita langile bat kalera bota, gero berri bat hartu eta berriari lana erakutsi behar izatea. Orain Alemanian langabezia 7%tik hurbil dago, eta Alemania hegoaldean, Baden Württemberg eta Baviera bezalako probintzia aberatsetan, ia ez dago langabezirik.
Zein lan egiten duzu Alemanian?
Denbora gehiena bezeroen galdera teknikoak erantzuten pasatzen dut, bai emailez, telefonoz edo chat-ean. Semikron-en konpetentzia diren produktuak ikusi eta Semikron produktu ekibalenteak zein diren aurkitzen ere aritzen naiz (Cross reference). Hornitzaile berriekin negoziatu behar izaten dut, dendan aurkezteko produktu berri interesgarriak zein diren ikusteko. Webguneko online foroa ere moderatzen du eta parte hartu ere bai.
Aunitz aldatu zaizu bizia?
Bai. Beran gauzak egiterako orduan familia atzean izatera ohituta nengoan, eta orain familia ia 2.000 kilometrotara dagoenez, erabakiak nik nire kasa hartu behar ditut. Bertzetik, hemen eguerdiko hamabiak inguruan bazkaltzen da, nire kasuan enpresak berak daukan jantokian. Eta nahiz eta alemaniar aunitzek 18:00-19:00 aldera afaldu, nik oraindik ez dut 20:00-21:00 aldera afaltzeko ohitura galdu.
Zer egin zaizu gogorrena?
Burua freskatzeko mendira buelta bat emateko aukera faltan botatzen dut. Orain gimnasiora joan behar dut. Alemania nahiko laua da, eta hemen inguruan dauden mendiek lan nahiko dute Berako Sarrori itzala egiten. Negua luzea egiten da. Ez du Beran bezainbertze euri egiten, baina neguan ordu bat lehenago iluntzen du, eta joan den abenduan adibidez aste pare bat gehienez egunero bortz gradu zeropetik eta elurrarekin egon ginen. Horretaz aparte, lanean eta gehienbat bezeroekin alemanez solas egitea ere ez da erraza. Eta noski, familia eta lagunak faltan botatzen ditut; urtean lau aldiz joaten naiz normalean Berara, baina aunitz kostatzen da han egon ondotik, Bilboko aireportuan hegazkina hartu eta bueltatzea.
Zein aukera edo abantaila dituzte ingeniariek Alemanian hemengoekin konparatuz?
Behin baino gehiagotan aipatu izan dudan bezala, hemen enpresek esperientziarik gabeko ingeniaria ingeniari bezala ikusten dute eta ardura ematen zaio hasieratik. Euskal Herrian, nik uste, enpresa aunitzek ingeniari gazteak errekurtso merke bat bezala ikusten dituztela. Diru gutti inbertitzen da beraien formazioan, merkeagoa baita bi urteren buruan kalera bota eta bertze ingeniari gazteago bat hartzea. Hala ere, enpresa batek langile baten kostua neurtzerako orduan, ez luke soldata bakarrik kontuan hartu beharko, baizik eta baita langilearen produktibitatea ere. Alemanian produktibitatea altuagoa da, alde batetik, langileak orokorrean enpresarekin identifikatuagoak sentitzen direlako, eta bertzetik, baldintzak hobeak direlako. Baldintzak erraten dudanean, ez dut soldata bakarrik erran nahi (nahiz eta %42 inguru zergetan utzi, soldata dezente altuagoa da); flexibilitatea (orduak nola sartu langileak berak erabakitzea) eta errekonozimendua ere hagitz garrantzitsuak dira. Euskal Herrian jendeari gehiago kostatzen zaio ondokoari lan ona egin duela erratea.
36.000 ingeniari behar omen ditu Alemaniak. Horrenbertzekoa da beharra?
Siemens-ek bakarrik 2.000 lanpostu baino gehiago dauzka irekiak Alemanian (dezente gehiago mundu mailan) eta ezin ditu bete. Guztira 400.000 langile baino gehiago dauzka, ni bizi naizen 100.000 biztanleko Erlangen-en 20.000 inguru. Nire enpresan duela hilabete pare bat informatikari bat aurkitzeko eskaintza jarri genuen; ez gure enpresaren webgunean bakarrik, baita Monster edo Stepstone bezalako bertze plataforma orokorretan ere. Zazpi interesatu bakarrik iritsi zitzaizkigun: hiru txinatar, bi turko, iraniar bat eta indiar bat; ezta aleman bakar bat ere. Azkenean indiarra hartu genuen; hori bai, alemanez ongi moldatzen dena.
Zer erranen zenieke hemengo ingeniariei?
Oraindik unibertsitatean ikasten hari diren ingeniariei atzerrira joateko edozein aukera aprobetxatzeko gomendatuko nieke; bai Erasmus, bai proiektua egitera. Nik uste profesionalki eta pertsonalki hagitz ona dela denboraldi bat atzerrian egotea. Gainera, horrela bakarrik baloratzen dira Euskal Herrian ditugun (eta falta zaizkigun) gauzak. Erranen nieke baita ere, nahiz eta karrera tekniko bat ikasi, ez pentsatzeko lan mundua ordenagailu baten aitzinean bakarrik lan egitea dela. Gaur egun, lan gehienak bertze pertsonekin eta aunitzetan atzerriarekin lotuta daude, eta horretarako inportantea da hizkuntzak hobetzea.
Hemen aukera gutti dituzte ingeniariek?
Nik uste Euskal Herrian egoera nahiko ona dela Espainiar estatuko bertze tokiak ikusita, baina argi dago orain arte izan dugun bizimodua mantendu nahi badugu, etorkizunean ez dela nahikoa izanen garai batean bezala 16 urterekin eskola utzi eta lan egitera joatea. Hala ere, azkenaldian Euskal Herrian iniziatiba interesgarri aunitz jarri dira martxan; doktoretza egitea, adibidez, gero eta pertsona gehiagok erabakitzen du. Ideia berri horiek produktu edo zerbitzu bezala merkatura azkar eramateko gai bagara, nik uste ez dugula etorkizun txarrik espero.
Nola ikusten duzu gure eskualdea telekomunikazioaren arloan?
Azkeneko urteetan inbertsio aunitz egin dira arlo honetan, baina arazoa da duela urte gutti gu baino pobreagoak ziren herrialdeak (Korea, adibidez), hagitzez diru gehiago inbertitzen ari direla. Ikerketa guztiek argi uzten dute, telekomunikazioek izugarrizko potentziala daukatela jendearen bizi kalitatea hobetzeko. Kontuan hartuta gure herriak ere guk uste baino azkarrago zahartzen ari direla eta zaila izanen dela gizarte segurantzarentzat kostua ordaintzea, jendeak Interneten bidez zerbitzu gehiago erabil ditzake, adibidez, kontsulta periodikoak beraien etxeetatik medikuarekin online egiteko. Zerbitzu hauek sortzeko orduan iniziatiba pribatua nahiko ttikia denez, gobernuak estrategikoki bultzatu beharko lituzke, lanpostuak sortzeaz gain epe luzera diru aunitz aurrez daitekeelako.
Zer gelditzen da oraindik egiteko telekomunikazioaren arloan, hemen eta orokorrean kanpoan?
Nahiz eta Internet jada duela urte dezente asmatua izan, azkeneko urte hauetan izugarri haunditzen ari da mundu mailan online dagoen jende kopurua, eta konbergentzia interesgarria ematen ari da orain arte bananduak zeuden ordenagailu, sakeleko eta telebista sektoreetan. Egun hauetan Bartzelonan egon den Mobile World Congress feriara begiratzea bertzerik ez da behar, hemendik urte guttira telekomunikazioak zenbat aldatuko diren ikusteko.
Hizkuntza aunitz dakizkizu edo ari zara ikasten: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana eta orain txinoa ere bai. Garrantzitsua iruditzen zaizu?
Hizkuntzak ikastea nire zaletasunetako bat da, baina horretaz aparte, nik uste pertsonalki aunitz aberasten duen esperientzia dela. Ulertzen dut arau gramatikalak memorizatzeak ez diola inori grazia haundirik egiten, baina hizkuntza bat ikasten duzun heinean, hizkuntza hori solasten den herrialdeko kultura eta mentalidadea ere ulertzen duzu. Hori bai, horretarako hoberena irakaslea natiboa edo jatorrizkoa izatea da. Txinoa ikasten ari naizenetik, adibidez, irakaslearen istorioei eta prentsan Txinari buruz irakurtzen dutenari esker, Txina hobeki ezagutzen dudala uste dut. Joan den urtean oporretan Txinan egon nintzen eta ilusioa egiten du bertako jendearekin kalean esaldi pare bat botatzea.
Bueltatzeko intentziorik baduzu?
Nola ez, galdera hau lehenago edo beranduago beti agertzen da. Orain gustura nago nagoen tokian, baina aitortu behar dut aberriak pisu gehiegi daukala nire bihotzean inoiz ez bueltatzea planteatzeko. Nahiz eta seguraski gurasoei grazia gehiegi ez egin, Euskal Herrira bueltatu baino lehenago, gustatuko litzaidake bertze kultura berriren batean murgiltzea.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Elkarrizketa guztian singularrean solastu dut, baina ez nuke bukatu nahi erran gabe unibertsitatetik aitzinera, elkarrizketa honetan aipatutako esperientzia gehienak nire neskalaguna Anerekin bizi izan ditudala. Hemendik nire eskerrak ematen dizkiot momentu zailetan nere onduan egon izanagatik.