Inauteri data ofizialak Ortzegun Gizenarekin abiatuko badira ere, Beran asteburu honetatik hasia da inauteri giroa sumatzen. Kaldereroen musika eta arrabotsek eman zioten Berako inauteriei otsailaren 26an, larunbata, ilunabarrean. Eguraldi kaxkarra zela eta Altzateko frontoian elkartuko ziren hainbat lagun, gurasoak eta haurrak gehienak.
Musika Eskolakoen Inauteri besta martxoaren 2an
Martxoaren 2an, asteazkenean, Inauteri besta antolatu dute Isidoro Fagoaga Musika Eskolakoek. 16:30ean, eguraldiak laguntzen badu, kalejira egin dute Zahar Etxea bisitatuz. Ondotik, Musika Eskolakoek antolatutako entzunaldia, mozorro lehiaketa eta berendua izanen dira Musika Eskolan. Kontzertuan, Eurovision jaialdia irudikatuko dute Musika Eskolako ikasleek.
Ortzegun Gizen
Martxoaren 3an, goizean haur taldeak eskean ibili ondotik, Ortzegun Gizen arratsaldeko ibilbidea Suhiltzaileen Parketik abiatuko da Eztegara pilotalekuraino. Euria eginen balu, zuzenean Eztegaran dute hitzordua lauetan, eta gero euskaraokea izanen da.
Inude eta Artzaiak igandean
Ohitura den bezala, Inudeak eta Artzaiak igande goizean ibiliko dira (martxoak 6) karrika bazterrak alaitzen musika eta dantzekin. Eta bazkaldu ondotik, arratsaldeko 18:00etan, berriz ere ibiliko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikaraino, inauteri giroa egun osora zabalduz.
Mozorroak, karrozak eta batukada astelehenean
Eta martxoaren 7an, inauterietako astelehenean, goizeko 10:00etan abiatuko dira zingar-arrautze eskean talde batzuk eta eskean ez dabiltzan mozorroek, eguerdi alderako hasiko dira ikusten karrika eta ostatu bazterretan. Aurtengoan, berrikuntza gisara, 19:00etatik 20:00etara batukada izanen da Altzateko karrikan Perfusion taldearekin.
Berako Udalak, Kultur Batzordeak eta Gure Txokoak antolatzen dituzte inauteriak, beti ere Berako Musika Bandaren, Labiaga ikastolaren, Jesusen Bihotza ikastetxearen, Ricardo Baroja ikastetxearen, Toki-Ona institutuaren eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolaren laguntzaz.