Mairu eta Kristauak, San Ferminetako inauteriak dantza saioa eskaini zuen otsailaren 26an, larunbat arratsean Lesakako Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak, dantza taldearen 30. urteurrena ospatu bidenabarkoan.
Eguraldiak ez zuen sobera lagundu, baina halere jende aunitz bildu zen Lesakako karriketan, Tantirumairu taldekoek duela mende batzuetako ohitura nola berreskuratzen zuten ikusteko. Izan ere, Julio Caro Barojak zioenez, Mairu eta Kristauak ospakizuna Lesakan ospatu zen San Juan egunean XIII. mende bukaeratik edo XIV.aren hasieratik hasi eta XIX. mende bukaera arte. Zehazki, 1880. urte inguruan hasi omen zen inauteria, gaur egun ezagutzen dugun bezalatsu ospatzen eta orduan desagertu ziren Mairu eta Kristauak. Beraz, 130 urte beranduago, Tantirumairu Euskal Folklore Taldearen eskutik berreskuratu da aitzinako ohitura, garaiko dantza eta jantziekin karrikaz karrika ibilita.
Atxaspitik abiatu ziren dantzariak eta garai batean Lesakako inauterietan egiten ziren mairu eta kristauen arteko dantza jokuak irudikatu zituzten, bi taldeen arteko gorabeherak eta borrokak. Dantza antzeztuan oinarritu zen ikuskizuna eta karrikaz karrika ibili ondotik, Plaza Zaharrean bukatu zuten ibilbidea.