Berako Funvera lantegiko LAB sindikatuak jakinarazi duenez, “azken aldian gauza arraroak gertatzen ari dira lantegian, gauza arraroak edo gure behintzat kezka handia sortzen dizkigutenak”.
Duela urtebete baina gehiago kaleratzeen kontra egindako borrokaren azken egunak gogoratu ditu LABek: “kaleratzeen kontra ia bi hilabete borrokan egon eta gero, espedientea onartu arren borrokan segitu eta gero, momentu konkretu batean haustura bat izan zen ELA eta LABen artean”. Enpresak lau errelebo kontratu egitea eta hurrengo lau urteetako kontratazioak kaleratutako langileen artean proposatu zuen orduan, “tartean mehatxuak eginez” LABen arabera. LABek ez zuen proposamena onartu eta ELAk bai. Bozketa egin ondotik, gehiengoak erabaki zuen borrokarekin bukatzea, “ahantzi gabe ELAko ordezkariek lanera bueltatzeko eskatu zietela langileei”, LABek dioenez.
Gertakizun hauetatik urtebete pasatu denean, LABek salatu du lantegiak betoa jarri diela kaleratuak izan ziren sindikatu horretako langileei, eta “ELAko afiliatuak edo jarraitzaileak ari da kontratatzen ia bere osotasunean. Gogoratu behar da, enpresak bere momentuak errelebo kontratuak egin zituenean ELAko afiliatuak izan ziren lanera sartu zirenak. Dirudienez gure koherentzia ideologiko-sindikala ordaintzen ari gara”, beti ere LABen idatziaren arabera.
Lan hitzarmenaren negoziaketa eman zenean, inolako bazterketarik egon ez zedin kontratazioak kaleratuen artean aintzinatasunaren arabera egiteko apostua egin zuen, baina LABen erranetan “zoritxarrez ELA-rentzat ez zen hain garrantzitsua izanen, puntu horren alde deus borrokatu gabe, eta noski hitzarmenean puntu hori agertu gabe hitzarmena sinatu baitzuen”.
Sartu diren langileen kontra deus ez dutela argi eta garbi erran du LABek, “gehiago sartzen badira oraindik eta hobe guretzat, “baina salatu nahi dugu zuzendaritzatik diskriminazio sindikal garbia ematen ari dela LAB-en aurka, eta egoera honen arduradunek izen abizenak dituzte”. 13 kontratazioak egiteko ez dute sindikatu horretako inor deitu, “eta erraten dutenean kriterio profesionala erabiltzen ari direla gezurretan ari dira!”, LABen ustez.
Egoera honi buelta ematea denen ardura dela uste du LABek, “sindikalgintza duin, garbi eta garden batean sinisten dugunon ardura da egoera honi buelta ematea eta kontratazio irizpide justuak ezartzearen alde borroka egitea”. LABetik zuzendaritzari bilera bat eskatuko diote azalpenak eskatzeko, eta erantzunaren arabera jokatuko dute. “Garbi dugu, hala ere, hau ezin dela LABen borroka bat izan, eta egoeraren aintzinean isilik gelditzen dena inplizituki egoera babesten ari dela” erranez bukatzen dute idatzia.