Martin Sarobe Pueyo zenaren omenez meza eginen da Lesakan otsailaren 27an

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 23a

Martin Sarobe zena eta Lesakako udalari emandako argazkietako bat. TTIPI TTAPA

Argazkilaria Iruñekoa zen sortzez, baina “lesakarra bihotzez” eta otsailaren 16an hil zen

2011ko otsailaren 16an hil zen Iruñean Martín José Sarobe Pueyo. Iruñekoa zen sortzez, baina “lesakarra bihotzez” eta horregatik, Lesakako San Martin elizan zituen lagunek bere aldeko meza atera dute otsailaren 27an, igande goizeko 11:30ean.

Irailero Lesakan hitzordua izaten zuen Martin Jose Sarobe Pueyok eta ahal zuenean egun bateko eskapadak ere egiten zituen “bere txoko maitera” joateko, ikusten zituen guziak agurtuz. Afizio handia zuen argazkilaritzara eta nonahi ikus zitekeen bere kamara hartuta, Lesakako txokoak erretratuz, xehetasunik ttikienak zainduz: argia batez ere, baina baita ibilgailurik edo pertsonarik ez agertzea erretratoetan.

2008an Lesakan atera zituen 106 argazkirekin erakusketa egin zuen Beti Gazte elkartean eta gerora argazki horiek Lesakako Herriko Etxeari eman zizkion. Horietako aunitz www.lesaka.net webguneko Argazki Galerian ikus daitezke, “Lesaka Martin Sarobe Pueyoren eskutik” izenburupean.

Argazki horietako bakar batean ere ez da ibilgailurik ezta pertsonarik azaltzen. Martin Sarobe berak aipatutakoa da behin, Eskolttikitik argazki bat ateratzeko bi ordu terdi egon zela esperoan, auto bat kendu bitartean, jabea hogei metrora bizi zenean.

Lesakari ez ezik, Sarobe hil baino egun batzuk lehenago Iruñeko 377 argazki eman zizkion Nafarroako hiriburuko Udalari.

Aipatu bezala, igandean izanen da bere aldeko meza Lesakako elizan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun