Otsaileko azken asteburuan eginen dituzte inauteriak igantziarrek, azkeneko ortziral eta larunbatean zehatzagoak izateko. Antolatzaileek adierazi dutenez, etxez-etxe eta baserriz-baserriko ibilbidea Oihana Mindegia eta Oihana Elizalde Aurtizko trikitilari eta panderojoleekin eginen dituzte.
Otsailaren 25ean, ortziral goizeko 10:00etan Mozorroak elkartu eta Berrizaun auzora joanen dira eskean hasteko. Bidegurutze aldean dauden etxe berrietara eta Frain auzora ere orduan joanen dira. 14:00 aldera Allinean bazkaria izanen dute. 15:30 aldera herrian eta Sarrola aldean ibiliko dira eskean. Arratsean Biltoki elkartean afaria.
Otsailaren 26an, larunbat goizeko 08:00etarako elkartuko dira eta Irisarri auzotik hasita, herri bazterreko bertze auzoetan ibiliko dira gazteak: Elusta, Unanu eta Piedade auzoetan. Arratsaldean haurrak kalejiran ibiliko dira. 18:00etatik 20:00etara Josetxo akordeoilariarekin musika izanen da haurrentzako. Larunbat arratsean, etxez-etxe eskean dabiltzanean banatuko dituzten boletoen zozketa eginen dute gazteek herrira ailegatzean. Sariak: lehen saria bildotsa eta bigarrena ardo lotea.Gauean, gazteek afaria La Villan eginen dute. Gauerditik goizaldeko 02:00ak arte musika izanen da Josetxo akordeoilariarekin.