Inauterietako data ofizialak hurbil ditugu, baina asteburu honetan ere izanen da inauteri girorik gure inguruan. Beran, kaldereroak aterako dira otsailaren 26an, larunbat arratsaldeko 19:00etan. Illekuetatik Herriko Etxeko Plazarainoko ibilbidea eginen dute eta euria eginez gero, Altzateko frontoian elkartuko dira. Ordu erdi lehenago prest egoteko eskatzen dute antolatzaileek. Ibilbidea: Illekueta, Altzate, Zahar Etxea, Eztegara, Bidasoa karrika eta Herriko Etxea. Larunbateko ateraldia baino lehen kaldereroen entsaioen txanda ere izanen da, otsailaren 24 eta 25ean, ortzegun eta ortziral arratseko 20:00etan Jamotenean.
Programa ofiziala ere prest
Asteburu honetako ospakizuna ez ezik, inauterietako programa ofizialaren berri eman dute Berako Udalak, Berako Kultur Batzordeak eta Gure Txokoa Elkarteak, Herriko ikastetxeak izanen dira laguntzaile antolaketan, Labiaga Ikastola, Jesusen Bihotza Ikastetxea, Ricardo Baroja Ikastetxe Publikoa, Toki-Ona Institutua eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola.
Martxoaren 2an, asteazkenean, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolakoen Inauteri besta ospatuko da. 16:45ak aldera kalejira abiatuko da eguraldiak laguntzen badu, Zahar Etxea bisitatuz. Ondotik, Musika Eskolakoek antolatutako entzunaldiaa izanen da, baita mozorro lehiaketa eta berendua Musika Eskolan.
Goizean haur taldeak eskean ibili ondotik, Ortzegun Gizen arratsaldeko ibilbidea Suhiltzaileen Parketik abiatuko da 15:45 aldera Eztegara pilotalekuraino. Euria eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan dute hitzordua 16:00etan, eta gero Euskaraokea izanen da.
Ohitura den bezala, Inudeak eta Artzainak igande goizean ibiliko dira (martxoak 6), goizeko 10:00etatik aitzinera karrika bazterrak alaitzen musika eta dantzekin. Eta bazkaldu ondotik, arratsaldeko 18:00etan, berriz ere ibiliko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikaraino, inauteri giroa egun osora zabalduz. Iñude eta artzainen entsaioak martxoaren 2an eta 4an eginen dira, asteazken eta ortziralean,20:00etan Eztegaran. Bazkarirako txartelak ere entsaio egunetan salduko dira.
Eta inauteriak bukatzeko, martxoaren 7an, inauterietako astelehenean, goizean abiatuko dira zingar-arrautze eskean talde batzuk eta eskean ez dabiltzan mozorroek, eguerdi alderako hasiko dira ikusten karrika eta ostatu bazterretan.