Ura aurrezteko etxeko iturrian jartzeko mila tresna banatuko ditu Berako Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 22a

Zia errekaren eskuinaldetik 180 metroko pasealekua egin nahi da. TTIPI TTAPA

Zia errekaren eskuinaldetik 180 metroko pasealekua ere egin nahi da

Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak (CRANA), joan den otsailaren 14n Beralandetan eskainitako informazio saioan Bidasoa ibaian hartu beharko liratekeen neurriez eta uda instalazioetan uraren kudeaketarako neurriei buruzko informazioa eman zuen.

Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroak (CRANA), joan den otsailaren 14n Beralandetan eskainitako informazio saioan Bidasoa ibaian hartu beharko liratekeen neurriez eta uda instalazioetan uraren kudeaketarako neurriei buruzko informazioa eman zuen.

Neurri hauek, 2010ean egin den ingurumen ikerketa baten ondorio dira, Herriko Etxeak eta Berako bizilagunek parte hartu dutena, CRANAren laguntzaz. Ekimena, Europako Sud’eau proiektuaren baitan kokatua dago. Proiektu honetan, Europako hegomendebaldeko zenbait eskualdek parte hartzen dute, hala nola, Kantabria, Nafarroa, Katalunia, Midi Pyrenees, Gaztela-Leon eta Oporto. Proiektu osoaren aurrekontua 2.163.000 eurokoa da eta horietatik 405.000 euro Nafarroari dagozkio.

Orain artean, Berako instalazio ezberdinetan ekoauditoria egin da, urari dagokionez dituzten gabeziak aztertu eta soluzioak emateko. Instalazio horietako batzuetan ez dago ur-kontadorerik ere, eta horrek uraren erabilera egokia zaildu egiten du.

Bertze aldetik, aitzinera begira egin beharrekoei dagokienez, ura aurrezteko sentsibilizazioa kanpainari ekinen dio Berako Udalak. Honela, informazio hiruorrikoak banatuko dira, baita ura aurrezteko mila gailu ere, etxeetako iturrietan jartzeko. Teknikariek diotenez, ura presio handiarekin ailegatzen da etxeetara eta gailu hauekin hori jautsiko da. Uda garaian herriko zenbait lekutan, Ibardinen erraterako, izaten den ur eskasiarengatik kezka azaldu dute, eta Lesakarekin batera eginen den plan bateratuarekin moldatu nahi da arazoa.

Zia errekaren eskuinaldetik 180 metro luze izanen dituen pasealekua ere egin nahi da, “herritarrak errekari bizkar emanda bizi direlako”. Otsailaren 14ko bileran jakinarazi zenez, 90 zuhaitz (30na astigar, lizar eta haltz) eta 90 zuhaixka (30na erramu, kapiestra eta elorri) jarriko dira tarte horretan, txandaka eta metro bateko tartearekin baten eta bertzearen artean. Etorkizunean, Bidasoa bazterrean ere oinezkoendako pasealekua egin nahi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun