Otsailaren 18an, ortziralarekin, Lesakako Kasino ostatuan, gurasoentzako bi hitzaldi aski interesgarri antolatu ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Erakunde horrek familietan euskararen erabilera sustatzeko egitasmo zabala du, eta hitzaldi hauen bitartez orain arte familiei banatu dien materiala eta antolatu dituen ikastaro eta saioak osatu nahi ditu. Ez da lehenbiziko aldia gisa honetako hitzaldiak antolatu dituena; berriki, abenduan, orain Lesakan izanen diren hitzaldi hauek berak antolatu zituen Beran.
Bi hitzaldi
Bi hitzaldi izanagatik, gai beraren inguruan arituko dira. Izan ere, gai orokorra familian euskararen erabilera indartzea da, eta bi hitzaldietan horretarako baliabideak, gomendioak eta tresnak eskainiko dira.
Lehenbiziko hitzaldia arratsaldeko 17:30ean izanen da. Guraso euskaldunei zuzendua da, eta euskaraz eginen da. Erabiliko al dute nire seme-alabek euskara? Norekin? Nolako euskara? du izenburu. Hitzaldi horretan guraso euskaldunek hizkuntzen erabileraren inguruan izaten dituzten kezkei erantzuna emanen zaie. Adibidez, zer egiten ahal duten gurasoek ikusten dutenean seme alabek euskara erabiltzeari uzten diotela; nola laguntzen ahal dieten seme alabei euskaraz bizi daitezen eta euskara erabil dezaten; euskara ongi ikasiko ote duten; gaztelania ongi ikasiko ote duten; eta gisa horretako zalantzak argituko dira. Hitzaldiak 1:15 ordu iraunen du.
Bigarren hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izanen da. Euskaraz ez dakiten gurasoei zuzendua izanen da, eta gaztelaniaz emanen da. No sabemos euskera... ¿Cómo podemos ayudar a nuestras hijas e hijos? izenburupean, hizlariak guraso erdaldunek izaten dituzten ohiko kezkei erantzunen die: euskaraz ikasten ari diren seme-alabei nola laguntzen ahal dieten eskolako lanetan; euskaraz gutxi dakiten gurasoek noiz eta nola erabiltzen ahal duten hizkuntza hori seme-alabekin; semealabek euskara erabiltzearen garrantzia; seme-alabek euskara eta gaztelania nahasten dituztenean nola jokatu... Hitzaldi honek ere 1:15 ordu iraunen du.
Hizlaria
Bi hitzaldietan hizlaria Iñaki Eizmendi izanen da. Formakuntzaz gizarte hezitzailea bada ere, Iñakik esperientzia handia du elebitasunaren inguruan eta euskara sustatzeko egitasmoetan lanean. Euskal Herrian zehar hainbat saio eman izan dizkie gurasoei, baita irakasleei ere.