Berako Gure Txokoa elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen joan den ortziralean, otsailaren 18an, Jamotenean. Iazko akta irakurri eta onartu ondotik, iazko kontuen balantzearen berri eman zen.
Aurten burutuko diren ekitaldiei dagokienez, futboleko lau taldeekin (Erregionala, jubenilak, kadeteak eta infantilak) eta areto-futbolekoarekin segituko da lanean. Dantzariek, berriz, Dantzari Ttiki Eguna, Iñude eta Artzaiak, bestetako festibala eta bertzelako ekitaldiak antolatuko dituzte eta pilota atalak ere, bere ohiko lanarekin segituko du.
Atletismoan, Lizuniagako igoera antolatzeaz gain, Manttale Mendi Lasterketa Taldearekin batera emakume taldea sortu denez, Altzateko bestetan emakumeentzako laisterketa eginen da.
Txirrindularitzan, maiatzean Errandonea memoriala antolatuko, ekainean kadeteen laisterketa, Larungo igoera eta irailean BTT lasterketa. Igeriketan, Berako bestetan txapelketa prestatuko da eta Gure Txokoaren Mus txapelketa martxoaren 5ean izanen da. Kultur arloan, Lurraren Egunak 25. Urteurrena ospatuko da aurten eta horren harira, zerbait berezia antolatu nahi da. Horretaz gain, margo tailerra ikastaroa ere egiten ari da. Denera, 135.000 euro inguruko aurrekontua izanen du aurten Gure Txokoa elkarteak.
Gure Txokoaren batzarrak proposamen batzuk egin eta onartu ziren. Honela, kuoten tarifa batzuk aldatuko dira: 0-18urte bitartekoek eta jubilatuek 18 euro ordainduko dituzte urteko eta 18-65urte bitartekoek 30 euro. Futbolean, ttikietatik jubeniletara aritzen den kiolari bakoitzak datorren denboralditik antzinera 12 euro ordaindu beharko ditu denboraldiko, fitxak, errebisioak eta sortzen diren bertze gastuak ordaintzen laguntzeko.
Bukatzeko ostatuari buruzko aipamen batzuk egin ziren. Honela, Jamoteneako lokala hagitz gaizki uzten duenari 30 euro konbratuko zaizkio. Modu berean, norbaitek mahai gehienak edo denak okupatu behar baditu eskaera pasa behar dio zuzendaritzari. Azkenik, tabakoari buruzko lege berriak dio elkarteetan ezin dela erre eta legedia beteko da Jamotenean ere.