Otsailaren 7an, ortzegun goizean Mozorro Xuriek Primitibo ostatuan eginen duten gosariarekin abiatuko dira aurten Arantzako inauteriak. Ondotik, eskolara ohiko bisita eginen dute musikariekin eta bertan zinta jarriko dizkiete ikasleek, inauteen seinale.
Segidan, baserrietara joanen dira musikari eta bertsolariekin. Arratsaldean, eskolan haurren mozorro besta eginen da eta gauean Mozorro Xuriek Primitibo ostatuan afaria eginen dute.
Ortziralean, emakumeen afaria Pabloenean eta bertso afaria Aterpen
Ortziral goizean, Mozorro Xuriek Primitibon gosalduko dute indarrak hartzeko eta herrian ibiliko dira eskean eta haurrak baserrietan. Eguerdian, Mozorro Xurien bazkaria izanen da Pabloenean. Arratsaldean poteoa eginen dute eta gauean, alde batetik, emakumeen afaria eginen da Pabloenean eta bertzetik, bertso afaria Aterpen, Jon Maia, Jexux Mari Irazu eta sorpresa izanen den hirugarren bertsolari batekin. Ondotik, dantzaldia izanen da plazan Salaberri akordeolariarekin.
Larunbatean herri kirol desafioa
Larunbatean ere ez dituzte otorduak alde batera utziko eta eguerdian Mozorro Xurien bazkaria izanen da Burlada ostatuan. 17.00etan haur mozorrotuen desfilea aterako da eta ondotik berendua eskainiko da. 19:30ean, ohiturari eutsiz, Mozorro Xurien arteko herri kirol desafioa jokatuko da frontoian. Gauean, Mozorro Xurien afaria izanen da Ekaitza Elkartean eta ondotik, Hobaneuke taldearekin dantzaldia, inauteak akautzeko.