Urtero bezala, aurten ere arrakastatsua atera zen otsailaren 4an egin zen Zuhaitzaren Eguna. Eguerdian ohi baino lehenxeago elkartu ziren eskolan, eta mendirako bidea hartu zuten gero. Haur Hezkuntzakoek bidearen erdia oinez eta bertze erdia autoz egin zuten, eta oinez ibilbide osoa gainerakoek. Hala, irakasle, guraso eta atatxi-amatxien laguntzarekin ehun bat landare landatu zituzten eskolako neska-mutikoek Ziobi aldean. Ondotik, zuhaitzei eskainitako bertsoak kantatu eta elkarrekin berendu zuten. Giro polita sortu zen eta eguraldiak ere lagundu zuen, gainera.
Bertzalde, otsailaren 8an Auxtin Zamora Senpereko olerkariaren bisita hartu zuten neska-mutikoek. Auxtin Hatsa poesia elkarteko kidea da eta bertze lanen artean, urtero urtero, Euskal Herriko hainbat olerkariren lanekin liburu bat argitaratzen du. Eskolakoek ere hortxe hartu izan dute parte azken sei urteotan. Sormena lantzeko jarduerak bultzatzen ditu Auxtinek eskolan, eta denen artean liburuan argitaratzeko moduko olerkia osatzen dute. Apiril aldera ikusiko dugu aurtengo bilduma, tartean eskolako ikasleek taldean egindako olerkia ere.