23 urtez beheitikoen errepideko afizionatuen proba eginen da apirilean

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 15a

Gorka Izagirre Bidasoko Itzulia Piedadetik azkenekoz pasatu zenean, 2007an. Oskar Txoperena

Lehendakari sariketarako puntuagarria izanen da

Aurten estreineko aldiz, eta Euskadiko Txi­rrindularitza Federazioaren egutegiaren barrenean, 23 urtez azpikoen errepideko afizionatuen­tzako bizikleta proba joka­tuko da apirilaren 10ean. Puntuagarria izanen da gainera, hemendik aitzinera Lehendakari deituko den sariketarako kontuan hartuko dena, hain zuzen.

Biltoki elkarteko bizikletazaleak eta zikloturistak arduratuko dira antolaketaz eta ibilbidea Bidasoaldeko errepideetan barrena eginen da. Oraindik zehaztu gabea baldin bada ere, badirudi segurua dela Piedadeko gaina behin edo bi aldiz igo beharko dutela txirrindulariek eta helmuga ere bertan izanen dela, Berrizaundik goiti atera ondotik.

Proba iraunkorra izatea ere eskuartean dabilen asmoetako bat da. Horretarako Lesaka eta Berako zenbait zalerekin harremanetan jarri dira Biltokikoak, herri bakoi­tzak txandaka antolatu dezan, inguruko herrien laguntzarekin. Oraingoz, aurtengoa Biltokik antolatuta eginen da eta ikusi beharko da gerora zer gertatzen den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun