Jose Maria Roig Aldasoro, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak Arcelor Mittal multinazionalak Lesakan duen lantegia bisitatu zuen otsailaren 4ean. Bidasoa Planaren barrenean egin diren inbertsioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen. Hain zuzen, 25 milioi euroko inbertsioa egin da, altzairugintzarako lerro konbinatua egiteko eta horrek «konpetibitate eta modernitate maila handituko ditu». Galbanizatu eta margotze lanetarako lerro konbinatua ezarri da lantegian. Galbanizatu lanak egiten joan den abenduan hasi ziren eta urtarrilean hasi dira proba gisara galbanizatu-margotze probak egiten. Honela, txapa margotuaren produkzioa Lesakan bilduko da, eta garraio gastuak eta energia aurrezten dira modu horretara. Ekainerako herriko lantegia produkzio osoan aritzea espero da.