5,3 milioi euro inguruko aurrekontua onartu du Udalak 2011rako

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 15a

Iazkoarekin alderatuz, 700.000 euro murritzagoa da

Onartu du aurtengo aurrekontua Udalak: 5.300.839,15 eurokoa izanen da. Hasierako onespena ahobatez eman zioten zinegotzi guziek urtarrilaren 20ko udal batzarrean. Iazkoarekin konparatuz, beherakada aipagarria egin da, 700.000 euro murri­tzagoa den aurrekontua onartu baita. Joan den urtean 6 milioi eurokoa izan zen. Josu Iratzoki alkateak TTIPI-TTAPAri aipatu dionez, «gastu arrunta mantendu eginen da 2011n, eta aldaketa haundiena Lesaka-Bera uraren plan zuzendariaren fase bat atze­ratu egin dela da».

Inbertsioei dagokienean, 2.420.845,80 euroko gastua eginen da, onda­sun arrunt eta zerbi­tzue­tan 1.302.486 eurokoa, langi­le­go gastuetara 923.655,41 euro bideratuko dira eta transferentzia arruntetara 420.778,05 euro.

 

Inbertsio nagusiak

2009-2012 Lau Urteko Planaren barrenean, 2011n Udalaren inber­tsio nagusienak hiru izanen dira: zati bat Lesaka eta Berako ur-hornidura irtenbide bateratuaren proiektuko lehenbizi­ko faserako erabiliko da, Bera eta Ibardingo saneamendua, alegia. 655.616 euroko gastua du obra honek, baina Nafarroako Gobernuak 536.326 euroko lagun­tza emanen du. Udalak, kasu honetan, 119.290 euro ordain­du beharko ditu.

Plaza eta ingu­ruak, Eztegara eta Xubi-Xabaleko urbanizazioek 576.942,33 euroko aurre­kontua dute, baina 437.447,35 euro emanen ditu Gobernuak eta Udalari 139.494,94 euroko gastua sortuko zaio.

Udaletxeko sotoa, behekoa eta lehenengo solairua berritzeko 767.331,52 euro gastatuko dira eta horietatik 742.914,21 euro Gobernutik etorriko dira. Udalak 24.417,31 euro gastatuko ditu.

Laburbilduz, hiru obra­ nagusi hauetan, 1.999.889,85 euroko gastua aurreikusia dago baina Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza tartean denez, Udalak 283.202,29 euro gastatuko ditu proiek­tuotan.

2009-2012 planeko lan hauez gain, mendiko lanetan 178.100 euro erabiliko dira eta abeltzaintza azpiegitura lanetarako 61.295,83 euro bideratuko dira. Portulako presan ere 121.347 euroko inber­tsioa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun