Tresna elektriko eta elektronikoen erabilera egokiaz ohartarazteko, Nafarroa osoan herriz herri dabilen Lotu zaitez birziklapenari izeneko erakusketa Bortzirietara ailegatuko da heldu den astean. Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak CRANA fundazioaren bidez paratu du abian ekimena, eta Mankomunitateen bidez dabil han eta hemen autobusa.
Tresna elektriko eta elektronikoen ingurukoa da erakusketa, dituzten osagaiekin –bertzeak bertze, fosforo eta metal astun andana dute– eta ongi erabiltzen ez badira osasunarentzako eta ingurumenarentzako arriskutsuak eta kaltegarriak izan baitaitezke. Gainera, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak gero eta ugariagoak dira. Hala erakusten dute datuek: 2006an 1.176 tona bildu ziren Nafarroan eta 2009an 3.386 tona. Baina aldi berean, berreskuratzeko ez dira zailak, birziklatu daitezkeen material plastiko eta metalak dituztelako.
Bortziriak, Malerreka eta Baztanen 2009an tresna elektriko eta elektronikoen ia 56.000 kilo bildu ziren. Tamaina haundiko hondakinekin batera biltzen dira, Emauseko Trapuketariei (948 451979) deituz. Otsailaren 22an ailegatuko da Arantzara, eta martxoaren 4ra bitarte, Igantzi, Lesaka, Bera eta Etxalarren ibiliko da.