Lesakako Ezker Abertzaleak agerraldi publikoa egin zuen otsailaren 12an, larunbat eguerdian Arrano elkartean, hurrengo udal-hauteskundeei begira abiatu berri den Herri Programa parte hartzailea eraikitzeko ibilbidearen berri emateko.
Agerraldian adierazi zutenez, “urte aunitzetan, lesakarron borondatearen aurka eraiki duten legedi antidemokratikoaren ondorioz, Herriko Etxetik kanpo izan gaituzue. Eta hala, Lesakako Ezker Abertzalearen zilegizko presentzia oztopatua izan delarik, gure herrian udal-politikan bizi izan diren urterik ilunenak izan dire azkeneko hauek”. Ezker Abertzalearen ustez, “lekuko ez-eroso” gisara kanporatuak izan ondotik, “guziontzat ezagun diren alderdi politikoek beren alderdi interesen araberako erabakiak hartu dituzte behin eta berriz, noiz edo noiz legezkotasunaren muga urratuz ere bai, lesakarron egunerokotasun eta etorkizunerako hagitz garrantzitsuak diren gai ezberdinen inguruan: Landazelaiak eta bertzelako hirigintza proiektuak, udal kiroldegia, kultur-etxea, Kornelia Lekuona afera luze eta korapilatsua…. Aski da!”.
Lesakako Ezker Abertzaletik prentsaurrean jakinarazi zuenez “beti saiatu izan garen bezala, proiektu herritar, demokratiko, euskaldun eta ezkertzale batekin gatoz oraingoan ere”. Eta horretarako, bere oinarrian herritarren parte-hartze zabala izanen duen Herri Programa bat osatu nahi dute. “Ez da gure helburua aintzinetik bukatua eta itxia egoenen den programa bat aurkeztea. Afera ezberdinen inguruan egoten ahal diren kezka eta proposamenak jasotzeko asmoa dugu herritar eta izaera ezberdineko taldeen eskutik” adieraazi zuten.
Horretarako, Herri Programa parte-hartzailea eraikitzeko prozesua eginen dute otsaila eta martxoan, horretarako bilera irekiak, inkestak eta bertzelako tresnak karrikaratuz, “Euskal Herrian irekitzen ari den askatasun bide berriari, Lesakatik ere gure ekarpean ere egin nahi diogulako”. Horretarako herritarren partehartzea eskatuko dute.