Giro ederra izan zen Arantzan, Pele Ttiki Haur Eskolaren Egunean

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 14a

Pele Ttikiko langile, guraso eta haurrek ere kantatu zuten Porrotx eta Txapasekin batera. Aitor Arotzena

Ehundaka lagun bildu zen igande arratsaldean frontoian, Porrotx pailazoaren emanaldia ikustera

Arantzako Pele Ttiki haur eskolaren eguna ospatu da estreinako aldiz otsailaren 13an eta horren egun osoko ekitaldiak izan zituzten igandean Arantzan.

Arantzako Pele Ttiki haur eskolaren eguna ospatu da estreinako aldiz otsailaren 13an eta horren egun osoko ekitaldiak izan zituzten igandean Arantzan.

Goizean plazan pottokak eta haurrentzako jolasak izan ziren eta eguerdi partean plazatik abiatuta elizako gorapera kalejira egin zen. Ondotik, Pelle Ttiki ikusteko aukera ere eskaini zen, ate irekiak izan baitziren. Jende ugari elkartu zen, pintxoak dastatuz eta kantuan arituz tarte ederra pasatu zuten eta gero, plazan, eguneko gonbidatu berezia zen Porrotxek gidatutako zezenaren aitzinean lasterka ibili ziren. Pailazoari lagun eginez Lasartetik etorritako abesbatzak meza kantatu zuen eta Lasarteko antzerki eskolako clownek ere giro ederra jarri zuten, haur baten jaiotzaren parodia asko erreala egin baitzuten. Gero, kalejiran, Aterpe jatetxean egindako herri bazkarira joan ziren.

Euskal Herrian hain ezaguna den Porrotx pailazoak arratsaldean emanaldia eskaini zuen frontoian eta 400 bat lagun sartu ziren emanaldira. Gainera, laguntzaileekin etorri zen, Txapas soinujolea eta Lasarteko Antzerki eskolako hainbat kide ere sudur gorriak jantzita taula gainera igo baitziren. Ez beraiek bakarrik, Porrotxekin batera kantuan eta dantzan aritzera hurbildu ziren hainbat neska-mutiko eta Pelle Ttikiko langile, guraso eta haurrek ere, kantu baten bidez eskertu nahi izan zuten Porrotxen eta Arantzara hurbildu ziren guzien borondatea. Emanaldia bukatuta, Porrotxek musuak eta posterrak banatzen zituen bitartean, txokolate bero eta gozoa dastatzeko aukera izan zen eta Pele Ttikikoak materiala saltzen ere aritu ziren, igandekoa Haur Eskolarako dirua lortzeko ekitaldia baitzen.

 

Bosgarren ikasturtea

2007ko urtarrilean abiatu zen Pele Ttiki Haur Eskola Arantzako gurasoen ekimenez, udalaren laguntzarekin eta beraz, bosgarren ikasturtean sartu da. Urtebete eta hiru arteko haurrak hartzen ditu eta Koldobike Gorostiza izaten dute begirale astelehenetik ortziralera, 09:00etatik 13:00etara. Ikasurte honetan bortz haurrekin abiatu dira, baina martxoan bertze bi ere izanen dituzte. Koldobike Gorostizak aipatu digunez, igandeko ekitaldietan helburu guziak bete ziren: “Helburu ekonomikoa bagenuen, baina jendeak ongi pasatzea ere helburutzak geneukan eta lortu dugula esango nuke. 400 pertsona inguru sartu ziren frontoian, nik ez nuen espero jende kopuru hori”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun