Euskara Kultur Elkargoak eta Pamiela Argitaletxeak urtero antolatzen duten Mikro-Ipuin Lehiaketak Nafarroako ikastetxeetako ikasleek euskaraz idatzitako testurik hoberena saritzen du. Lehiaketa hau Nafarroa osoko Lehen Hezkuntzan edota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan euskaraz edo euskara ikasten duten ikasleei zuzendurik dago. Aurkezturiko lanak 100 hitz ( 12 lerro) baino gutxiagokoak izan behar dira, eta sariak Pamielaren liburu sorta eta irabazlearen ikastetxean ospetsu baten bisita eta topaketa ohi dira. Aurtengoan 1.675 lan bildu dira, horietatik 721 Lehen Hezkuntzakoak, eta 954 Bigarren Hezkuntzakoak.
Aurtengo sariak emateko ekitaldia martxoaren 2an egine da, Asisko Urmeneta komikigile eta zinegileak Iturmendiko Arrano Beltza Ikastetxe Publikora egingo duen bisitan. Lehiaketako arauek dioten bezala, liburu sorta bana jasoko dute bi irabazleek eta sei finalistek. Zortzi lan saritu hauek, lehiaketan aurkeztu diren beste hainbat lan aipagarrirekin eta Asisko Urmenetaren mikro-ipuin batekin, "mikro-liburu" batean jasoko dira eta Iruñeko Liburu Azokan aurkeztuko da 2011ko ekainean. Aingeru Epaltzak (idazlea); Inma Erreak (idazle eta itzultzailea); Angel Errok (idazlea) eta Toño Murok (irakasle eta ikertzailea) aurtengo epaimahaia osatu dutenek, urtarrilaren 24an, 2010eko Mikro-Ipuin Lehiaketaren irabazleen izenak jakinarazi zituzten.
Aipagarria da saritutako zortzi idazlanen artean lau Bortzirietako neska-mutikoenak direla.
Lehen Hezkuntzan, Iturmendiko Aaron Arbizuren Koilara Hiltzailea suertatu da irabazle eta epaimahiak bertze hiru ipuin finalista ere hautatu zituen:
- Harri kozkorra ipuina. Egilea: Ohiana Amorós Abrego, 10 urte (5. maila). Ikastetxe Publikoa, Arantza.
- Erlojuan ipuina. Egilea: Mikel Castillo, 12 urte (6. maila). Labiaga Ikastola, Bera.
- Dibertibasura ipuina. Egilea: Paulo Ramos Zumalde, 11 urte (6. maila). Tantirumairu Ikastola, Lesaka.
Bigarren Hezkuntzan, berriz, Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako Amaia Sanchezen Poltsikoetan izeneko lana da irabazlea. Lehen Hezkuntzan bezala, epaimahaiak ere hiru lan finalistak ere aukeratu zituen eta tartean dago Berako Toki Ona institutuan ikasten duen Nahia Mitxelena Vaquero lesakarraren Ondo lo egin ipuina. 13 urte ditu Nahiak eta DBHko bigarren mailan ikasten du.
LHko Finalistak
HARRI KOZKORRA
Oihana Amorós Abrego, 10 urte (5. maila). Ikastetxe Publikoa, Arantza
Hor nabil ni, maldan behera. Hau da nire emozioetako bat, ona gainera. Txarra izanen da gelditzea, pareta bat jo eta xehatzea. Mutiko horrek maldan behera bota ninduenean, ez zituen kontuan hartu nire emozioak. Harri huts naizelakoan hartu nau, izango ditu nirekin negozioak.
ERLOJUAN
Mikel Castillo, 12 urte (6. maila). Labiaga Ikastola, Bera
Erlojuen istorioan orratzen arteko ezberdintasuna nabaria zen. Orduen orratzak inbidiaz begiratzen zion minutuenari: berak 12 ordutan egiten zuena, ordu bakar batean egiteko gai zen. Minutuen orratza jaun eta jabe sentitzen zen erlojuen munduan segundoen orratza iritsi zen arte.
DIBERTIBASURA
Paulo Ramos Zumalde, 11 urte (6. maila). Tantirumairu Ikastola, Lesaka
Kale kantoian nago, potolo burusoil bat heldu da niregana bere zakar poltsarekin. Gero eta hurbilago, gero eta hurbilago…tapa altxatu dit eta zas!!! Eskuak harrapatu dizkiot: jajajajajajaja…..
- Aaaaaaaaaaaaaa!!!!
Ziztu bizian atera da zakar poltsa lurrean utzita eskuari helduta.
Herenegun berriz, betaurrekodun mehar bat etorri zen, “bu” esan orduko arineketan atera zena, betaurrekoak ahaztuta. Kotxe batek zapaldu dizkio, gizajoa…
Orain xahar bat heldu da, honi sustorik ez diot emango bestela… Pastela...
Hemen nago asperturik deus egin gabe… baina itxaron, orain tipo dotore bat heldu da bere gorbatarekin... Zakar poltsa behatz puntarekin helduta, tapa altxatu du nolabait, eta gorbata harrapatu diot!!! Jejeje! Aurpegia gorri-gorri eginda joan da arnasarik hartu ahal izan gabe...
Jooooppppee!!! Orain bere bizkartzainek besoetan naramate.
DBHko Finalista:
ONDO LO EGIN
Nahia Mitxelena Vaquero, 13 urte (2. maila). Toki Ona Institutua, Bera)
“Kaixo, heriotza naiz. Nire izena ezaguna egingo zaizu, ezta? Noizbait ikusten banauzu, ez da oso seinale ona. Begira, gauza bat esan behar dizut. Bihar hil egingo zara. Arratsaldeko zortzietan, tiro bat joko dizute bihotz ondoan eta asko sufrituko duzu hil arte. Lasai, zure ondoan egongo naiz denbora guztian. Ondo lo egin…”.