Bera eta Lesakako liburuzainen lanpostuak betetzeko deialdiaren aurkako sinadura bilketa hasi da

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 8a

Otsailaren 28a bitarte izanen da sinatzeko aukera

Berriki Nafarroako Gobernuak hainbat liburutegi publikotako arduradunen lanpostuak betetzeko deialdia egin du, oposizio bidez. Tartean dira Bera eta Lesakako liburutegietako arduradunen lanpostuak.

Berriki Nafarroako Gobernuak hainbat liburutegi publikotako arduradunen lanpostuak betetzeko deialdia egin du, oposizio bidez. Tartean dira Bera eta Lesakako liburutegietako arduradunen lanpostuak.

Deialdi horren arabera, euskaraz jakitea ez da beharrezkoa izanen. Are gehiago, euskaraz jakitea ez da meritu gisa baloratuko ere; izan ere, oposizio bitartez beteko dira lanpostuak, lehiaketaldirik gabe. Erabaki horren aurka hainbat helegite jarri dira. Horrez gain, bi herri horietako euskara batzordeek herritarren nahiz liburutegietako erabiltzaileen aldetik erantzun bat eman beharra azpimarratu dute. Horregatik, deialdi horren aurkako sinadura bilketa antolatu dute. Horren bitartez Nafarroako Gobernuari eskatuko zaio lanpostu horietan aritzeko euskararen ezagutza derrigorrezkoa izan dadila, eta Nafarroako Arartekoari, berriz, legeak aitortzen dituen hizkuntz eskubideak babes ditzala.

Sinatu nahi duenak bi herri horietako liburutegi publikoetara joan behar du, astelehenetik ortziralera, arratsaldez, eta otsailaren 28a baino lehen. Sinadura guztiak bildu ondotik, Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Arartekoari helaraziko zaizkie. Horrez gain, komunikabideetan ere horren berri emanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun