Onartu du aurtengo aurrekontua Berako Udalak: 5.300.839,15 eurokoa diru sarrerak eta irteerak izanen ditu. Hasierako onespena ahobatez eman zioten zinegotzi guziek urtarrilaren 20ko udal batzarrean. Iazkoarekin konparatuz, beherakada aipagarria egin da, 700.000 euro murritzagoa den aurrekontua onartu baita. Joan den urtean 6 milioi eurokoa izan zen. Josu Iratzoki alkateak aipatu digunez, «gastu arrunta mantendu eginen da 2011n, eta aldaketa haundiena Lesaka-Bera uraren plan zuzendariaren fase bat atzeratu egin dela da». Inbertsioetan 2.420.845,80 euroko gastua eginen da, ondasun arrunt eta zerbitzuetan 1.302.486 euro, langilego gastuetan 923.655,41 euro eta transferentzia arruntetan 420.778,05 euro.
Inbertsio nagusiak
2009-2012 Lau Urteko Plaanaren barrenean, 2011 urtean Berako Udalaren inbertsio nagusienak hiru izanen dira: zati bat Lesaka eta Berako ur-hornidura irtenbide bateratuaren proiektuko lehenbiziko fasera bideratuko da, Bera eta Ibardingo saneamendua, hain zuzen. 655.616 euroko gastua du obra honek, baina Nafarroako Gobernuak 536.326 euroko laguntza emanen du. Udalak 119.290 euro ordaindu beharko ditu.
Berako plaza eta inguruak, Eztegara eta Xubi-Xabaleko urbanizazioak moldatzeko 576.942,33 euroko aurrekontua dute, baina Gobernuak 437.447,35 euro emanen ditu eta beraz, Udalari 139.494,94 euroko gastua sortuko zaio.
Udaletxeko sotoa, behekoa eta lehenengo solairua berritzeko 767.331,52 euro gastatuko dira eta horietatik 742.914,21 euro Gobernutik etorriko dira. Udalak, kasu honetan, 24.417,31 euro bideratuko ditu.
Laburbilduz, hiru obra nagusi hauetan, 1.999.889,85 euroko gastua aurreikusia dago baina Nafarroako Gobernuaren laguntza tartean denez, Udalak 283.202,29 euro gastatuko ditu proiektuotan.
2009-2012 planeko lan hauetaz gain, mendiko lanetan 178.100 euro erabiliko dira eta abeltzaintza azpiegitura lanetarako 61.295,83 euro. Portulako presan ere 121.347 euroko inbertsioa eginen da.