Euskal Herrian Euskarazen 30. urteurrenari buruzko dokumentala eskainiko da otsailaren 4an Lesakan

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 2a

EHEren 30 urteotako ibilbidea erakusten du dokumentalak. TTIPI TTAPA

Ortziral arratseko 20:30ean hasiko da emanaldia Kasinoan

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak 30 urte bete dituela eta, "Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz" izenburua duen dokumentala prestatu da. Lesaka Kasinoan emanaldia eskainiko dute otsailaren 4an, ortziralean, arratseko 20:30ean hasita.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak 30 urte bete dituela eta, "Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz" izenburua duen dokumentala prestatu da. Lesaka Kasinoan emanaldia eskainiko dute otsailaren 4an, ortziralean, arratseko 20:30ean hasita.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 30 urte bete zituen 2009ko azaroaren 4an. Hain zuzen, 1979an Lesakako Otxogorrienean zegoen zinema-aretoan zenbait euskaltzale bildu eta herria berreuskalduntzeko hautua herritik bertatik bultzatzeko borondate irmoz erabaki zuten EHE sortzea.

Hamarkada hauetan asko izan dira EHEk Euskal Herri euskaldunaren bidean egin dituen gogoetak eta ekimenak eta bidean emandako urratsak. Hala ere, bide hori ez du EHEk bakarrik egin, eta sortze garaitik gaurdainoko EHEko hainbat kideren bizipenak eta gogoetak jaso ez ezik, hauetan eta bide horretan bultza egin duten zenbait euskaltzalerenak ere jaso ditu; iragana gogoan hartuz, etorkizuneko erronkak marrazteko. “Kazetari, ekintzaile, irakasle, alkate, antzezle, herri mugimenduko kide, bertsolari... Ez daude bi ur tanta berdin, baina denek dute euskaraz biziko den herriaren alde izan, egin eta eragiteko konpromisoa".

 

Manifestazioa otsailaren 12an

Bertze aldetik, EHEk manifestazio nazionala deitu du otsailaren 12rako "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!" lelopean. Donostian izanen da mobilizazioa eta Bulebarretik aterako da arratsaldeko 17:00etan. Horrekin batera, manifestazioaren lelo berbera daraman manifestua ere publiko egin dute EHEko kideek. Aipatu manifestuaren aitzakipean herri zein nazio mailako harreman dinamika zabala jarri du martxan eragile euskaltzaleak norbanako zein eragileei manifestuaren edukiak helarazi eta mobilizaziora erakartzeko. Harreman horiez gain manifestua EHEren webgunean ere eskegi da herritarrek sinatu dezaten. Manifestazioaren bukaerako ekitaldian ekimen berezirik ere eginen da. Izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri merezitako omenaldia eginen baitzaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun