Ekitaldiz betetako hilabetea antolatu du Berako Kaxerna Gaztetxeak

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 28a

Zezenaren taldea izanen da otsailaren 5ean Azkainen ospatuko den Gazte Egunean joko duen taldeetako bat. Artxiboko argazkia

Larunbat honetan Sarara mendi ateraldia eginen dute

Hainbat ekitaldi antolatu ditu Berako Kaxerna Gaztetxeak hilabete honetarako. Hasteko, urtarrilaren 29an, larunbatean presoen aldeko mendi martxa eginen dute Sarara, Sarako Gaztetxearekin elkarlanean. Goizean mendi ateraldia eta gauean afaria eta gaupasa antolatu dute Saran.

Honen ondotik, heldu den larunbatean, otsailak 5, eskualdeko Gazte Eguna eginen da Azkainen eta han parte hartuko dute Kaxernakoek ere. Goizean gosaria, txalaparta, adarra jotzea, bertsoak, herri eztabaida, pankarta lehiaketa eta bazkalondoan jokoak eta kontzertua izanen dira Norte Apache, Zezenaren Taldea (argazkian), Bilbomatix eta AZ/DZ taldeekin. Ondotik gaupasa izanen da Kilika Gaztetxean.

Otsailaren 11n, ortzirala, kontzertua izanen da Kaxernan Elgoibarko Andrakan Pop taldearen eskutik. 22:00etan hasiko da eta sarrerak hiru euro balioko ditu. Eta biharamunean, otsailak 12, txotx eginen dute gaztetxean, sagardotegiko menuarekin bazkaria izanen baitute, 20 eurotan. Ondotik, bertsolariak izanen dira.

Otsailaren 17tik 26ra, bertzalde, Saharari buruzko zikloa eginen dute eta dokumentalak, filmak, hitzaldiak... Denetarik izanen dute. Zikloari bukaera emateko, hilaren 26an, hitzaldia, diapositiba emanaldia eta afaria eginen dute.

 

Dantza ikastaroa

Dantza ikastaroa ere hasia dute Kaxernan. Urtarrilaren21ean abiatu ziren eta otsaileko ortziraletan segituko du. Ixone Telletxea Uranga da irakaslea eta oinarrizko euskal dantzak eta dantza latinoak ikasten ari dira. Ikastaroa dohainik da

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun