Zambra eta zazpi zubi bota egin beharko dira Lesakan uholde arriskua saihesteko

Aitor AROTZENA 2011ko urtarrilaren 24a

Zambra eraikina erakitsi behar dela garbi dio Uholde Arrisku Planak. Artxiboko argazkia

Kantabrikoko Ur Konfederazioak (CHC) urtarrilaren 18an aurkeztutako Uholde Arrisku Planak eskatuta, Lesakako Zambra eraikina oso-osorik eta herriko zazpi zubi bota egin beharko dira, uholde arriskuarengatik. Horretaz gain, zenbait eraikuntza proiektu aldatu egin beharko dira eta Biurrana erreka inguruan dauden zenbait lur ere desjabetu eginen dira, «toki batzuetan errekari 15 eta 23 metro arteko zabalera eman behar zaiolako», alkatearen erranetan.

CHC erakundeak aurkeztutako plana ezin da aldatu eta beraz, aurten bertan hasiko dira Zambra eta zazpi zubiak botatzen. Zehazki, oinezkoendako lau zubi botako dira eta autoek erabiltzen duten bertze hiru ere bai: «Beheko Errota ondokoa bota eta ez da berria eginen eta Legarbaratzea eta Xaturetxearen ondokoak bota eta zabalagoak eginen dira. Tomaseneko borda ingurutik industrialdera sartzen den zubiari, berriz, zabalera handiagoa emanen zaio eta horretarako, industriara bideratutako lur batzuk erabili beharko dira».

Bere garaian, Zambra eraikitzeko baimena zergatik eman zuten galdegin zioten zinegotziek CHCko ordezkariei eta hauek, «orduko plana ez zela oraingoa bezain zorrotza» erantzun zuten. Zambra erosi eta bertze erabilpenen bat emateko aukera aztertu zuen Udalak 2006an, baina Uholde Arrisku Planak garbi adierazten du «fisikoki ezabatu» behar dela.

«Honek ez du bueltarik» aipatu digu Juan Fermin Mitxelena alkateak, «ez bada betetzen etxebizitzaren bat ere bota beharko litzatekeelako eta ezin izanen genuke komentuan Kultur Etxearen proiektuarekin segitu. Onin erreka bideratu eginen da eta Landazelaiko garapen urbanistikoari dagokionez, errekatik 12-15 metrora urrundu beharko da proiektua».

Zambra eta zubiak botatzeko lanak eta izan daitezkeen kalte ordainak (2,5 milioi euro inguru) Espainiako Ingurumen Ministerioak ordainduko ditu eta CHC erakundeak gainbegiratuko ditu «lehenbailehen» hasiko diren lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun