51 bikote atera dira Beran Santa Barbarako IV. Igoeran

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 20a

Bikoteen artean, Berako emakumeen atletismo eskolako aunitz izan ziren. Utzitako argazkia

Urtarrilaren 8an bertze hainbat lagun atera ziren ibilaldi gidatuan korrikalariak animatzeko

Santa Barbarako Igoeraren laugarren edizioa egin zen urtarrilaren 8an Beran. Dagoeneko lau urte pasatu dira Man­ttale Mendi Lasterketa Taldea, Agerra Mendi Taldea eta Gure Txokoa Elkartea igoera hau antolatzen hasi zirela, Taillon mendian hil ziren Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiren omenez. Arratsalde ede­rra prestatu zuten aurten ere, sei kilometro eta erdiko lasterketa egin eta ikusi nahi zutenentzat. Gainera, aurten eguraldiak ere lagundu zuen eta horrek parte-hartzea indartu zuen. Binakako kronoigoeran 51 bikotek hartu zuten parte, aunitz emakumeak. Kontuan hartu behar da aurten, emakumeendako atletismo eskola bultzatu dutela Gure Txokoak eta Manttalek eta Lizuniagako Igoeran ikusi zen bezalaxe, Santa Barbarako Igoeran ere emakume aunitz animatu zen entrenamenduetan ikasitakoa mendian goiti erakustera. Lasterketa abiatu baino lehen, ibilaldi gidatua ere egin zen eta ehun lagun baino gehiago joan zen kiroldegitik Santa Barbarara, mendi ibilaldia egin bidenabarkoan korrikalariak animatzeko.

Proba bukatuta, be­rriz, zozketak egin ziren eta horretaz gain, Edurne Pasabanekin batera azkeneko sei zortzi milako mendiak igo dituen Asier Izagirrek ikusen­tzunekoa eskaini zuen Belandetan, igoera hauetako bilduma bat eraku­tsiz. Apirilean, berriz ere Himalayara itzultzekoak dira Pasaban eta Izag­irre, Everest oxigenorik gabe igotzeko helburuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun