Joan den urtean, Herriko Etxeko zerbitzu anitzetarako lanposturako deialdia egin zuen Udalak. 17 lagunek izena eman ondotik, eta azterketa teoriko eta praktikoak egindakoan, lau lagunek gainditu dituzte probak. Horietatik puntuaziorik altuena Anjel Urtxegi igantziarrak lortu du. Hori horrela, bere izendapenerako ohiko bidea segitzen ari da Udala.
Herriko eraikinen garbiketa
Abenduaren lehenean egindako udal plenoan, herriko hainbat eraikinen garbiketarako langilea zehaztu zen. Udalak medikuaren kontsulta, Herriko Etxea, Ludoteka, Baskula eta Eskolaren garbiketa zerbitzua esleitzeko lehiaketan parte hartzeko epea ireki zuen joan den urte bukaeran. Epearen barne hiru proposamen aurkeztu ziren: Isabel Lukanbio Gonzalez, Eneko Sarrias Zoko eta Luis Andueza Agara herritarrenak, hain zuzen.
Proposamenak aztertu ondotik eta bakoitzak hilabeteko aurkeztutako dirusaria edo soldata kontuan hartuz, eskaintzarik merkeena Eneko Sarrias Zokok aurkeztutakoa izan da. Horrela, Udalak aurtengo garbiketa zerbitzua berari esleitzea erabaki du hilabeteko 1.079,17 eurotan, BEZ barne.