Olentzeroa berriz ere mendira joana da hurrengo urterarte agurtuz. Gaztetxoenek batez ere besoak zabalik hartu zuten ikazkina. Eguraldi hagitz kaxkarra izanagatik ere, Eguberri bezperan, arratsaldean ailegatu zen herrira… Ohiko itzulia ez zen egin, aroa ez baitzen batere lagun izan. Hala ere, gorapean eguberrietako kantuak kantatuz saio ederra egin zen, Gregorio Mitxelenak eskusoinuarekin lagunduta. Aterune bat probextuz herrian barna itzulixka bat egin zen olentzeroekin. Seiak baino lehenxeago Olentzeroa ailegatu zen eta heldu eta gaztetxoenak lerroan jarriz, berekin solastu eta, gutunak eta muxuak emateko aukera izan zuten. Bitartean, gaztainak, txistorra pintxoak… merendua prestatu zuten Udaleko eta Guratso elkarteko ordezkariek. Olentzerori harrera beroa eginez, kontent pasa genuen arratsaldea. Goizez hala ere, herriko trikitilariek alaituta, aulki dantza saioa izan zen frontoian. Olentzeroa aipatu dugu… baina aurten, bere neskalaguna den Mari Domingiren bisita izan da eskolan. Berak ere, mezu aunitz jaso zituen gure herriko ttikiengandik. Ez omen zen esku hutsik etorri: opari aunitz ekarri omen zituen.