Santa Barbarako Igoeraren laugarren edizioa egin zen urtarrilaren 8an Beran. Dagoeneko lau urte pasatu dira Manttale Mendi Lasterketa Taldea, Agerra Mendi Taldea eta Gure Txokoa Elkartea igoera hau antolatzen hasi zirela, Taillon mendian hil ziren Xabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegiren omenez. Arratsalde ederra prestatu dute aurten ere, sei kilometro terdiko lasterketa egin eta ikusi nahi dutenentzat. Gainera, aurten eguraldiak ere lagundu zuen eta horrek partehartzea indartu zuen. Binakako kronoigoeran 51 bikotek hartu zuten parte, aunitz emakumeenak. Kontuan hartu behar da aurten, emakumeendako atletismo eskola bultzatu dutela Gure Txokoak eta Manttalek eta Lizuniagako Igoeran ikusi zen bezalaxe, Santa Barbarako Igoeran ere emakume aunitz animatu ziren entrenamenduetan ikasitakoa mendian goiti erakustera.
Antolatzaileek ez dute konpetizioa bultzatu nahi omenaldi gisara antolatutako proba honetan, baina Larreta gainera igotzen bizkor ibili ziren lehenbiziko sailkatuak.
Lasterketa abiatu baino lehen, ibilaldi gidatua ere egin zen eta ehun lagun baino gehiago joan zen kiroldegitik Santa Barbarara, mendi ibilaldia egin bidenabarkoan korrikalariak animatzeko.
Proba bukatuta, berriz, zozketak egin ziren eta horretaz gain, Edurne Pasabanekin batera azkeneko sei zortzi milako mendiak igo dituen Asier Izagirrek ikusentzunekoa eskaini zuen Belandetan, igoera hauetako bilduma bat erakutsiz. Apirilean, berriz ere Himalaiara itzultzekoak dira Pasaban eta Izagirre, Everest oxigenorik gabe igotzeko helburuarekin.