Zinema eta musika uztartuko ditu Lesakako bandak larunbatean Beran

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 4a

Lesakako udal musika bandak emanaldia eskainiko du larunbat arratsean Berako Kultur Etxean. Utzitako argazkia

Urtarrilaren 8an, arratseko 20:00etan hasiko da emanaldia Kultur Etxean

Zinema eta musika uztartuko dituen kontzertua eskainiko du Lesakako udal musika bandak urtarrilaren 8an, larunbat arratseko 20:00etatik aitzinera Berako Kultur Etxean. Ikusentzuneko emanaldi honetan, Mikel Iriarteren zuzendaritzapean, zinemarekin zerikusia daukaten melodiak eskainiko ditu Lesakako bandak, filmeak proiektatzen diren bitartean. Programa berbera, arrakasta izugarriarekin eskaini zuten uztailean Lesakan Onin erreka gainean. Uda partean kanpoko giro epelean egin zena, neguan Berako Kultur Etxe barneko goxotasunean eskainiko du Lesakako bandak.

Egitaraua

Egitarauan, honako pieza hauek joko dituzte: James Horner-en “La Máscara del zorro”, John Moss-en moldaketekin; Michael Kamen-en “Robin Hood”, Paul Lavender-en moldaketekin; Ennio Morriconeren “El bueno, el feo y el malo (Moment for Morricone)”, Johan de Mej-en moldaketekin; J. Williams-en “Indiana Jones”, H.V.D. Heideren moldaketekin; James Horner-en “Braveheart” Johnnie Vinson-en moldaketekin eta Klaus Badlet-en “Piratas del Caribe”, John Wasson-en moldaketekin.

Berako Udal Musika Bandak antolatu du emanaldia Berako Udalaren laguntzarekin eta gastuak estaltzeko, 5 euroko sarrera kobratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun