Nafarroako Gobernuak liburuzainen postuak betetzeko argitaratu berri duen deialdian euskararik ez duela eskatu inongo lanpostutan salatu du Aralarrek, ezta eremu euskaldunekoetan ere, ez derrigorrez ezagutu beharreko hizkuntza gisa, baina ezta meritu gisa ere. “Legearen kontra joatez gain, sozialki ere onartezina da Nafarroako Gobernuak euskararik ez eskatzea jendearen aitzinean lan eginen duten postuetan”, Aralarren ustez.
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu du Nafarroako Gobernuak 14 liburuzain lanpostu oposizio bidez aukeratzeko oposizioa. Horietatik bi eremu euskalduneko herrietarako dira, Bera eta Lesakarako, eta bertze bi eremu mistorako, Zizur Nagusirako eta Erronkarirako. Nafarroako Euskararen Legeak eremu mistoan administrazioan lanpostu horietan euskara eskatzea derrigorrezkoa dela bildu arren, “bere legea ez du betetzen, eta auzitegiek behin eta berriz hala adierazi dioten arren, euskararen kontrako politikan itsututa jarraitzen du Gobernuak”, adierazi dute Jon Abril Berako kultur zinegotziak eta Deñe Abuin Lesakako Onin udal taldeko zinegotziak.
“Lehiaketa fasea kendu dute, eta soilik oposizioan utzi, inolako meriturik baloratu gabe. Gisa horretan, ez liburuzainen prestakuntza espezifikoak, ez euskarak berak, ez dute ezertarako balio administrazioaren aitzinean lanpostuetara aurkezteko”. Modu berean, Aralarrek gaitzetsi du liburuzainen lanpostuak C mailakoak izatea. “Dituzten ardurengatik, prestakuntzagatik, eta postuaren ezaugarriengatik, lanpostu horiek B mailakoak izan behar lukete. Gobernuak, beste behin, dirua aurreztea funtzionarioen lan baldintzen eta soldaten bizkar egiten du, zerbitzuaren kalitateari eta langileen eskubideei erreparatu gabe”, aipatu dute Abrilek eta Abuinek.
Aralarrek iragarri du helegitea aurkeztuko diola deialdi honi. “Gobernuari eskatzen diogu jarreraz aldatu dezala, eta bere legea bete dezala. Guretzat askieza bada ere, gutxienez, indarrean dagoen legea betetzen eredugarri izan behar du Gobernuak”. Euskararekiko “basakeria, ankerkeria eta itsukeria” salatu ditu, bertze behin, Aralarrek.
Kaltetutako herrietan herritarrak ere mobilizatzera deitu ditu Aralarrek. “Herritarrek eskatu behar diogu Gobernuari zerbitzuak euskaraz jaso nahi ditugula, geure eskubidea dela”. Udal horietan ekimena hartuko duela iragarri du Aralarrek.