Aurtengoa ez da haurrendako jarduerak antolatzen duen lehenbiziko aldia Berako Larun Haizpe elkartearentzat. Aitzineko urte hauetan ere egin zuten ahalegin bat etxeko ttikienek izan zezaten dibertimendurik eguberrietako opor egunetan eta, aurten ere, prestatuta dute antzekorik. Zehazki, abenduaren 26tik 30era puzgarriak eta haurrentzako tailerrak izanen dira Eztegara pilotalekuan nahikoa ordutegi zabalean: goizeko 11etatik eguerdiko 1:30era eta arratsaldeko 3etatik 7etara. Larun Haizpe elkarteko arduradunek jakinarazi dutenez, eguneko sarrerak 3 euro balioko du eta 5 egunetarako paseak 10 euro.