Bertze urte batez, Bortzirietako (Tantirumairu eta Labiaga) eta Baztango (Baztan) ikastolek, Euskararen Nazioarteko eguna elkarrekin ospatu zuten, horretarako jarduera desberdinak antolatuz.
Labiaga ikastolak, eskualdeko bertze ikastolek bezalaxe, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuen eta horretarako, aste betez egitaraua berezia prestatu zuen ikastolako guraso, ikasle zein bertara hurbildu nahi izan zuenarentzat. Aste horretan bereziki, Labiagak oroitarazi zuen Euskararen Eguna egunero ospatu behar dela, ez bakarrik eskola mailan baizik eta euskaraz biziz.
Helburu horrekin, Berako ikastolak Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBHko ikasleentzat zein helduentzat, mota desberdinetako jarduerak prestatu zituen eta hauek erantzun zabala izan zuten partehartzaileen aldetik.
Horrela, txikienek Argitxo iratxoren bisitaldia izan zuten bitartean, bertzea dinetako haurrek tailerretan, jolasetan, eta kirol mota desberdinetan parte hartu ahal izan zuten, ekintza horiekin gozatuz. Helduentzat berriz, zerbait lasaiagoa bezain aberasgarria. Izan ere, euskal kulturarekin lotuta dauden tailer mota desberdinak antolatu zituen Labiagak, hauek ere, arrakasta handiarekin. Azkeneko egunean, denontzat kantu saio bat eta taloen dastaketa jendetsuarekin bukaera eman zioten aste berezi horri.
Labiaga ikastolan Eguberriak
Eguberriak hurbil zirela eta Labiaga ikastolako guraso, ikasle eta irakasleek hainbat ekintzetan parte hartu dute. Hoietako bat Olentzeroak egitea izan da. Giro ederra sumatzen zen Ikastolan gurasoek Olentzero panpinaren osaketa egiten ari ziren bitartean. Ziklo bakoitzak bere Olentzeroa egin du. Behin Olentzeroak bukatuak egonda lehiaketa egin dugu, saritua LH 1-2 koa suertatuz. Olentzero honekin aterako gara Gabon gaueko bazkal ondoren karriketan barrena. Bertziak herriko leku desberdinetan ikusgai daude: Zahar Etxea, Osasun Zentroa, Euskadiko Kutxan eta Altzateko Ikastolaren pareko etxean.