«Bizikleta, skate edo patinak urte osoan erabiltzeko aukera dugu»

Aitor AROTZENA 2010ko abe. 16a, 10:31

Hegoi Ado, bizikletarekin, Luluparken inaugurazio egunean. Iñigo Blas

Berako Zalain auzoko industrialdean dagoen Lulu-Park Skate Park Indoor aretoaren inaugurazio ekitaldia egin zen azaroaren 20an. Bizikletekin, patinekin edo skatearekin saltoak egitea gogoko duten kirolariek estalpeko gune bat daukate, inguru honetako bakarra. Abendutik hasita, asteburuetan ateak irekiko dituztela aipatu digu Hegoi Ado, gunearen arduradunetako batek, «ibili nahi duen edozeineri diru laguntza ttiki baten truke, parkeari bizia emateko intentzioarekin».

 

Lulu-Park Skate Park Indoor izen ingelesaren gibelean, gure inguruan ezagutzen ez zen gunea zabaldu berri dute Beran. Hegoi Ado arduradunak aipatu digunez, «skate park bat, bizikletaz, patinez edo skatez (monopatinez) ibiltzeko prestaturik dagoen zirkuito bat da. Hauek modulu ezberdinez osatuta daude, jendeak ulertzeko modulu ezagunetarikoa "U"ak dira». Eta Indoor erraterakoan, teilatuaren babesa duela erran nahi du, Zalaingo industrialdeko nabe batean egina baita. Eskualdean gisa honetako lehenbiziko parkea da, baina gehiago ere badira: «Bai, gehiago aurki daitezke –dio Adok–, baina ez daude askorik. Hemen inguruan bat Monrealen (Iruñeatik 15 minututara) eta beste bat Biarritzen aurki daiteke. Monrealekoa Berakoaren antzera autogestionatua dago. Biarritzekoaren kasuan berriz Herriko Etxearen laguntza daukate proiektua aurrera eramateko». Izan ere, partikularki egindako proiektua da eta bertan zenbat diru sartu duten ezin izan digu zehaztu Adok: «Aurrekontua? diru laguntzak? Ez, ez dugu horrelakorik ezagu­tzen! Aurrekontu bat egin izan bagenu izutu eta korrika atera izango ginateke. Gure arazorik handiena alokailua, argia... hilabetero etortzen diren gastu horiek dira. Beste gauzak laneko gogoarekin poliki poliki sortzen joaten baitira». Eta Luluparken kudeaketa izanen da hemendik aitzinerako burukominik handiena. Adok aipatu digunez, «hau partikularra da. Betidanik izan da modalitate hauetarako afizioa inguruan, eta horri esker betidanik mugitu izan gara gauzak sortzeko. Halere, partikularra izatearen arazoetariko bat, instalazioak ez direla jendearen esku geratzen da, eta honek kirolaren gara­pena moteldu egiten du. Eta gainera, horrelako instalazio batzuk diseinatu eta sortzeaz gain, alokailua, argia, material eta abarren gastuei aurre egin behar zaie. Hori dela eta, bazkide edo erabiltzaileak behar beharrezkoak ditugu».

Lehen Matzada futbol zelaian ere bazen halako salto eremu bat, baina barnean izateak urte osoan erabiltzeko aukera ematen du: «Matzadakoa herriak egin zuen Berako zenbait gazteri esker, baina gestio txar baten ondorioz dena bertan behera joan zen. Azken finean gauza hauek egitea ez da erraza baina askoz zailagoa dena mantenua da. Horrek eguneroko lana suposa­tzen baitu. Egurrezko skate parkaren kasuan, eskulaneko mantenimendua asko gutxitzen da, eta indoor-a izanez urte osoan erabiltzeko aukera ematen du. Gainera, eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko aukera ematen digu». Bera inguruan bizikletekin saltoak egiten dituzten hainbat kirolari ezagunak dira, baina skatea ez da hain ezaguna. Halere, horietatik ere badaudela aipatu digu Adok: «Leku guztietan denetarik aurkitzen da. Arazoa, instalazioak dira. Bertan falta direnean jendea kanpora joaten da gustoko duena egitera, eta elkartasun hori galdu egiten da». Abendutik aitzinera asteburuetan ateak ireki­tzeko asmoa dute, parkeari bizia emateko intentzioarekin eta eskerrak eman nahi dizkiete «Lulupark sortzen, nahiz aitzinera eramaten lagundu digutenei eta inauguraziora agertu zen jendeari». Informazio gehiago 649 783783 edo 675 008104 telefonoetan.

 

BERTZE EKITALDIAK

«Azaroaren 20an egin genuen inagurazioa. Bertan bizikletaz erakustaldi bat egon zen, eta ondoren kontzertuak eta jai giroa, barbakoa… Jende aunitz bildu zen. Egia esan gure asmoa ez da beste ekitaldiak antolatzea, baina oraintxe bertan horrelako ekitaldien laguntzarik gabe ez daukagu hau aurrera ateratzeko gaitasunik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun