Eguraldi kaxkarrari aurre eginez 191 azienda buru aurkeztu ziren azaroaren 25eko Lesakako feria egunean, 107 zaldi eta behor, 32 pottoka, 46 behi, batzuk bere aretzearekin, bi zezen eta bortz ahare.
Sariei dagokienez, behi aziendetan, suizetan Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen hiru lehen sariak, 190, 160 eta 100 eurokoak. Baina aurten, hobekien aurkeztutako behiari emandako txapela Lesakako Nabaz auzoko Makukobordara baizik. Haragitako behietan hiru sariak baserri honetako Asuncion Aiestaranentzat izan ziren. Frisona arrazako lehen saria, 190 eurokoa, Pilotegiko Manuel Maiak eraman zuen.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria eta hobekien aurkeztutakoari emandako txapela eta bigarren saria Iriberriko Francisco Muñoa Alfarorentzat izan ziren eta hirugarrena, Jose Antonio Larralderenak lortu zuen. Ahareetan, hiru lehenbiziko sariak Berako Miguel Angel Etxegarairentzat izan ziren.
Aziendez gain, hainbertze salmenta postu paratu ziren karriketan. Aizkora eta motozerra desafioak ikusgai izan ziren eta Lizaso eta Irazu bertsolariak ere aritu ziren plazan. Presoekin elkartasunez elkarretaratzea egin zen eta zozketatutako zerria Txarrolttikira joan zen.
Ajoarriero lehiaketa
Bezperako ajoarriero lehiaketa ikusgarria suertatu zen, 16 bikote aurkeztu baitziren, inoiz baino gehiago. Hiru lehenbiziko sariak Bortzirietako Gorriak peñakoentzat izan ziren, lehenbizikoa Juan Ignacio Etxepare eta Maite Ortegarentzat, bigarrena Juan Luis Otxoteko Kalixa eta Agustin Zubietarentzat eta hirugarrena Xebita Susperregi eta Alicia Martinentzat.