Albiste ilunekin joan zitzaigun azaroa. Hilaren 28an, 07:00 aldera izandako auto istripuan, Xabier Telletxea Etxeberria 33 urteko gaztea hil zen eta heriotzak tristura haundia eragin du herrian. Bi autok elkar jo eta kolpearen ondorioz hil zen. Auto berean zihoazen bertze bi herritarrak eta bertze autoko gidaria, goizuetarra, ere zaurituak izan ziren, baina larritasun haundirik gabe. Istripua Goizueta eta Basakabi lotzen dituen bidean gertatu zen, ia Goizuetako herrigunean.
Iturgina lanbidez, baina batez ere mendi bizikletarako zuen afizioagatik zen ezagun. Azken urteetan, mendi bizikleta jautsieretan espezializatua zen. Igantziko jautsieraren antolatzaile nagusia izateaz gain, partehartzailea ere bazen. Nafarroako, Euskal Herriko eta Espainiako txapeldun izan zen hainbatetan Master 30 mailan.