Arkupe pilotazale elkarteak bere 25. urteurrena ospatu zuen abenduaren 5ean, pilota jaialdi bereziarekin, omenaldi hunkigarriekin eta Koxkonta jatetxean egindako bazkari batekin.
Gaztetxoen arteko pilota partidaren ondotik, omenaldien txanda izan zen. Aurreskua dantzatu zien Iker Tainta pilotariak omenduei. Hain zuzen, Ikerren aitatxi Benito Tainta izan zen lehenbiziko presidentea, Juan Telletxea presidenteordea (Nati Mayo alargunak hartu zuen oroigarria), Modesto Maia idazkaria, Justo Agirretxe diruzaina, Xalbador Etxepare, Luis Aranguren eta Martin Sarasola bokalak eta Juan Mari Etxeberria eta Kotte Etxepare bodegazainak. 25 urte hauetan pilota irakasle izandakoak, berriz, Xalbador Etxepare, Justo Agirretxe, Jesus Mari Sanjurjo, Iñaki Arretxea eta Tomas Otxoteko izan dira. Mololo Irigoien eta Xabi Zozaia pilotariek ere bere oroigarria jaso zuten, baita Begoña Taberna frontoiko arduradunak eta Juan Fermin Mitxelena alkateak ere, Herriko Etxeko ordezkari gisara. Gainera, oroigarri berezia jaso zuten Ramon Etxenikek, Jose Luis Sunsundegik eta Joaquin Bengoetxeak.
Ondotik, esku pilotari helduxeagoen txanda ailegatu zen. Berriki Munduko txapeldun suertatu den Mololo Irigoien eta Joxe Jabier Taberna profesional ohiak 22-17 irabazi zieten Iker Tainta eta Jexux Mari Almandoz profesionalei. Paleta gomako partidan, 52 urte dituen Jesus Mari Sanjurjo profesional ohiak eta berriki Munduko azpitxapeldun izan den Xabi Zozaiak 30 eta 21 irabazi zieten Aitor Oiartzabal eta Justo Agirretxeri.
Mikel Maia txapeldun
Dagoeneko Arkupen ari ez bada ere, Mikel Maiak Guillermo Mazo Memorialaren finala irabazi zuen abenduaren 3an Labriten. 14-17 galtzen ari zen Unanuaren kontra eta 18-17 irabazita lortu zuen jubeniletako Nafarroako lau t’erdiko txapel handia.