Otxogorrienea bertze 30 urtez ikastolari uzteko eskaria babestu du

Aitor Arotzena 2010eko abenduaren 15a

Tantirumairu handitzeko premiari erantzuten zaio eta 2015eko Nafarroa Oinez herrian egiteko nahitaezko baldintza da

Udalak ahobatez babesa eman dio Tantirumairu ikastolari eta Otxogorrienea etxea gu­ttienez 30 urterako uzteko akordioa lehenbailehen hartzea eskatu dio Cornelia Lecuona Fundazioko patronatuari, baita inguruan dituen lur-eremuak ere, etorkizunean egin nahi dituen zabaltze lanetarako. Tantirumairuk eta patronatu horrek 1990ean sinatutako kontratuaren bidez Otxogorrienea etxea erabiltzen du ikastolak, Cornelia Lecuona zenak, ikastetxe modura erabil zedin erakutsitako borondatea betez. Kontratu hau 25 urterako denez, 2015ean bukatuko da eta ikastolarentzat nahitaezkoa da kontratua luzatzea, instalazioen handitze lanak egiteko. Hauxe da Nafarroako Ikastolen Elkarteak jar­tzen duen baldintza 2015eko Nafarroa Oinez Lesakan antolatzeko.

Ikastolak zenbait be­rrikuntza lan egin baditu ere, ttikia gelditu da. Adibidez, 1990ean 7 ikaslek bakarrik erabiltzen zuten ikastolako jangela eta gaur egun 52 dira. Horregatik, ikastola eta futbol zelaiaren artean, frontoiaren segidan eraikitzeko aurreproiektua aurkeztua du ikastolak.

Ikastola eta Patronatuaren arteko harremanak ez aitzinera ez gibelera daude eta Tantirumairuk harreman horiei bultzada ematea eskatu dio Udalari, «afera lehenbailehen molda­tzen ez bada, 2015eko Nafarroa Oinez ezin izanen baita Lesakan egin». Aferak kezka sortua zuen eta 200 lagun bildu ziren batzar-aretoan. Otxo­gorrienea eta in­guruko lurrak bertze 30 urterako uztea Patronatuari eskatzeaz gain, Udalak Patronatuarekin negozia­tzera jartzeko eskatu zion Tantirumairu ikastolari, bi aldeendako ona den akordio batera ailega­tzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun